Azken olatua?

Azkenaldian, eta zoritxarrez, makina bat aldiz entzun eta irakurri dugun metafora da olatuarena. Ez dago batere garbi bigarrena, hirugarrena edo enegarrena igarotzen ari ote garen, egun. Edozelan ere, zenbatgarrena ote den baino olatuaren indarra eta bere hedapena da benetan garrantzitsua, dudarik gabe.

Paralelismorik egin gabe, olatuaren metafora erabili nahi dut, gogora ekartzeko urtarrilaren 9an, Euskal Herriko 400 baino herri gehiagotan, kostaldetik hurbil edo urrun izan, eta eguraldiak lagun, ikusi eta bizi izan genituen elkartasun olatuak. Izan Bidearen dinamikari lotutako olatu erraldoi bilakatu ziren. Presoen etxeratzeko prozesua azkartzeko, guztion artean sortutako olatuei esker, agerian utzi genuen, berriro ere, jendartearen gehiengo zabal batek salbuespenezko espetxe politikaren amaiera nahi duela, orain.

Aldaketak berehala eman behar direla esan genuen ozenki. Oraindik ere berrehundik gora euskal preso ditugu. Horietako 160 inguru, estatuko 36 kartzelatan sakabanaturik. Horien %29, 600/1.100 kilometrora; %20, 400/590 kilometroko tartean; eta %38, 100/390 kilometrora. 186 gizon, 32 emakume eta bi haur. Horietako sei presok 70 urte baino gehiago dute, eta 60 inguruk ezarritako zigorraren hiru laurdena beteta. Eta oraindik ere, gehienak, lehen graduko erregimenean; hau da, isolatuta.

Bai Frantzian bai Espainian ematen ari diren aldaketarako pausoak positiboak diren arren, lanean jarraitu beharra dugu. 2021. urtea hurbilketaren eta gradu-progresioen aldaketaren urtea izatea nahi dugu, eta izan behar du. Bidea zaila den arren, elkarrekin eginda errazagoa eta sendoagoa izango da. Horregatik, urtarrilean hasitako bide beretik jarraitu behar dugu, bidea elkarrekin eginez. Herri honek behar duen bakerako eta elkarbizitzarako – azken– bultzada, olatu erraldoi honetatik etor dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak