Iraganeko zauriak sendatuz, jendarte bezala aurrera eginez eta adostasunak landuz, elkarbizitzan pausoak emateko prest gauden herritarrak. Bide horretan oztopo ugari aurkitu arren pausoak ematen jarraitu behar dugula sinesten dugunok. Horien lekuko, euskal presoen gradu aldaketen gainean Sarek emandako azken datuek erakusten diguten egoera.
Presoen birgizarteratze prozesuari lotua dagoen sisteman hiru gradu bereizten dira, lehen mailako neurri zorrotzak –krudelak– progresiboki leunduz hirugarrenera arte.
Euskal presoen %84 lehen graduan aurkitzen da, eta, gainera, egoera hori espetxealdi hasieratik ezarritakoa da. Euskal presoak prest agertu badira sistemak ezarritako gradu progresioa jarraitzeko, eginiko 115 eskaeretatik, hiru besterik ez da onartu, 69k ezezkoa jaso dute eta 43 presoren eskaerek erantzunik gabe jarraitzen dute.
Sarek jakinarazi duenez, are konplikatuago egiten zaie bigarren gradua lortu duten preso apur horiei hirugarrena eskuratzea.
Urruntze politikak bere horretan jarraitzen duela, eta oraindik ere espetxean larriki gaixo diren 21 preso daudela ere gehitu behar, legearen kontrako egoeraren gordintasunaz kontzientzia hartzeko.
Inoren eskubideak urratzen jarraitzen diren bitartean, zaila egingo zaigu elkarbizitzarako espazioak eraikitzea, bakearen eta konponbidearen bidean.
Edonola ere, elkarbizitzarako oinarrizkoak diren auziei begira irtenbideak jorratuz eta ozenki aldarrikatuz aurrera egin behar dugu, elkarrekin. Biktimen izaera politikoki erabiltzeko jarrerak baztertuz, biktima guztiei zor zaien aitortza eta errespetuzko trataera egokia adostuz, eta presoen zein espetxeen auziari behin betiko irtenbidea emanez, bereziki.
Guk, Puigdemont-ek bezala, ateak zabalik ditugu!