Zero zabor! ikuskerak, esate baterako, asko lagundu digu ikusten hondakinen arazoari aurre egiteko, egiteke ditugunak.
O km! aldarrikapenak agerian utzi du euskal presoen kolektiboari aplikatzen zaion mendeku-politika.
Zero zarata!-k, berriz... amets bat izaten jarraitzen du pertsona eta kolektibo askorentzat.
Oraingoan, lelo bezala ikusi ez, baina iturri ezberdinetatik ezagutzen ari garen datuetan eta adierazpenetan antzeman daitekeen kezka eta aldarrikapen batekin natorkizue: gizartearen bilakaeraren eta aplikatutako –edo saihestutako– hezkuntza-politiken ondorioz, gure hezkuntza sistemaren eskola-mapak, gure bailarakoak barne, erakusten digun segregazioa egoera larri eta ulergaitzaren gaineko gogoeta eta salaketa ere.
Segregazio egoerak sortzen dira, labur esanda, baliabide eta aukera ekonomiko eta formatibo urriak dituzten familien seme-alabak eskola gutxi batzuetan kontzentratzen ditugunean, ghettoak sortuz.
Datuek erakusten digute, batetik, urtez urte eta etenik gabe gordintzen ari direla segregazio egoerak, eta, bestetik, datu azpimarragarria, sare publikoko eskolek pairatzen dutela, nagusiki, egoera.
Sakon hausnartu eta ahalik eta azkarren neurriak hartu behar ditugu, egoerari buelta eman nahi badiogu.
Hezkuntza Sailaren lehentasunak beste batzuk ei diren bitartean, bide horretan badihardute, dagoeneko, pertsona eta kolektibo ezberdinek.
Ea, bada, hezkuntza eragile guztiak, behingoz, lelo honi begira jartzen garen, denbora galdu gabe: Zero segregazioa... gure eskoletan!