Ni trena hartzera noa; eta zu?

Abian da preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen aldarria eta irudia izan nahi duen Giza Eskubideen Trena.

Herriz herri bidaiatuz, bertatik bertara bagoi berriekin luzatuz, martxa eta itxura polita hartzen doa trena. Bidaiariak ere, pozik, itxaropentsu, gogotsu, hamarkada luzeetan zehar biolentzia eta konfrontazio desberdinen lekuko izan eta gero, oraindik orain, indarkeria egoera horrek eragindako saminak eta sufrimenduak iraun arren. 

Bakearen eta konponbidearen izenean, gure herrian existitzen den minari min gehiago gehitzea helburu duen salbuespenezko legedia lehenbailehen amaitu beharra dago, eta, horretarako, edozein herritarren parte hartzea ezinbestekoa da, beharrezkoa. Nola hurbildu, baina, herritar oro, urrunketa eta dispertsio politikaren behin betiko amaieraren aldarrikapen eta ekimenetara? Zein da bidea?

Ez dago bide bakarra, baina herri honetan bakea lortu nahi badugu, ezinbestean, egoerarekin identifikatzera garamatzan bidea hartzea da, nire ustez, aproposena. Bizi dugun egoerarekin enpatizatzera eramango gaituen bidea. Izan ere, norbanakoaren biziraupena ei da gizakion izate edo existentziaren oinarria, betiere, norbanakoa identifikatzen den gauza- edota egoera-multzoen biziraupenarekin loturikoa. 

Ni neu identifikatzen naiz gaixotasun larriak dituzten presoekin, salbuespeneko legediaren eraginez preso jarraitzen duten horiekin, bizi osorako zigorrak jasotzen dituztenekin, eta inoiz kondenatuak izan ez diren baina legediaren indarra pairatzen duten preso horien senide zein lagunekin ere. Enpatizatzen dut baita hamarkadetan herri honetan izandako biolentziaren ondorioz sufrimendua pairatu duten pertsona ororekin ere. Eta identifikatzen naiz baita etorkizun hobe eta justuago baten alde lan egin nahi duen ororekin. Horregatik guztiagatik hartuko dut nik Giza Eskubideen Trena; eta zuk?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak