Herritarren sarea

Urte erdi inguru pasa da Sare herri mugimendua jaio eta ibilbideari ekin ziola.

Ekitaldi ugari egin dira han-hemenka mugimenduak ezarritako xedeari begira: mendekuan oinarritutako bidegabeko dispertsioaren politika amaitzea. Euskal Herriko herri eta hirietan sortu diren taldeen eta gizabanakoen ekimenei esker, herritarren sarea ehuntzen doa. 

Larunbatean Bilbon izandako mobilizazio koloretsuari begiratuz gero, sarea biziki ehuntzen goaz. Ikuspegi eta sentsibilitate anitzetako herritarrak bilduz sarea ehuntzen goaz, berau eraiki eta egonkortzeko beharrezkoak diren sare-nodoak bilakatuz gutako bakoitza. Guztion artean eraikitzen ari garen sarea herritarra izateaz gain anitza ere izatea nahi dugulako. Giza eskubideen alde dauden pertsona guztiak biltzeko bokazioaz sortu delako eta sortzen ari garelako, baita euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde ekin nahi dugulako ere. 

Herritarren borondateen sarea ehuntzen goaz, guztien partaidetza sustatu eta partaidetza moduak berrasmatu nahian. Dispertsioaren liburua munduan barreiatuz, ipurtargiak lez, gure nahiaren argi izpiak lau haizetara zabalduz, aldamenean ditugunekin solasean arituz, herritar mosaikoak eratuz, edo bestelako ekimenak eginez, sarea ehundu eta bizirik mantentzea lortuko dugu. Kartzela politika krudel hau amaitzeko desioa, nahia, herri honen jomuga edo xede politiko eta soziala ere badelako, gizartearen kolektibo baten giza eskubideen errespetuaz ari garelako. 

Baina kontziente gara sarearen ehuntze prozesua ez dela erraza izango. Egunotako gertakariek modu gordinean erakutsi digute herritarren borondate zintzoa eta tinkoa zapuztu nahi dutela batzuek, Ilunpeko garaietara eraman nahi gaituztela. Guk, aldiz, bizia eta argitasuna ekarri nahi dugu gure herrira. Gurean hain ezagunak ditugun onddoek bezala, sare-gorputz sendoa eraikiz eta hedatuz, sarearen ekimenen bidez, hain ikusgarriak eta ederrak diren onddoen fruituak, perretxikoak, nonahi bistaratu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak