... modu erretoriko horretan lau haizetara zabaldu zuela desioa, nahia, aldarria. Eta hitz horiek gogora ekarri eta baliatu nahi ditut nire ametsa zuekin partekatzeko. Ametsa egia bilakatu zedin bidelagun asko izan zituzten agurgarri baptistak eta bere jarraitzaileek, baina harri eta oztopo dezente ere topatu zituzten elkarrekin egiten hasi ziren luzea bezain bide malkartsuan. Afroamerikarren eskubide zibilaren aldarrian, ozenki eskatu zuten, modu askotara eta bereziki, justizia eta aldaketa. Bistan denez, ametsa ez da oraindik egia bihurtu!
Xumeagoa bada ere, eskubide zibilaren testuinguru horretan kokatzen da nire ametsa, aldarria izan nahi duen ametsa, guztiok dugun atsedenerako eta ongizaterako eskubidearen aldarria hain justu. Nire ametsean, Oñati herria eta bertako herritarrak ikusten ditut. Horiek dira nire ametsetako protagonistak. Norberaren aisialdiaz gozatuz, besteen eta guztien atsedenerako eskubidea errespetatu eta sustatzen dituzten balio zein jarrerak dituzten herritarrak ikusten ditut. Herriko kaleak maitatzen eta guztien ahalegin eta diruarekin hornitutako mobiliarioa zaintzen dituzten herritarrak. Autoa, noiznahi eta edozertarako erabili eta edozein lekutan aparkatu ordez, erabilera kontzientea izaten ikusten ditut nire ametsean. Lanerako zein aisialdi edota atsedenerako behar diren espazioak autoen zarata eta trabarik gabeko herri eta kaleak ikusten ditut nire ametsean. Eta inguru horiek hondakinez garbi, makina-munstro-zaratatsu garbitzaileen beharrik gabe.
Gezurra badirudi ere nire ametsa ez da 1963an sortua, gaur egungo bizipen eta (kontradikzioa izan badaiteke ere) nire amesgaiztoetatik eratorritakoa baizik. Bere garaian Luter King-ek eta bere garaikideek izan zituzten bizipen haietatik beraien ametsa azaleratu zen bezala. Hori da nire ametsa. Eta nire aldarria. Haiek bezala, justizia soziala eta aldaketaren aldarria. Egunero zarata jasangaitzak jasotzen ditugunontzako justizia sozial, eta bereziki, aldaketa kulturala. Hain justu, Oñati, guztion nahi, gogo, ilusio eta ahaleginarekin Zero Zabor kulturaren bidean jarri dugun bezala, Zero Zarata kulturaren bidean ere jartzea nahiko lukeen aldarria, eta ametsa. Bidea luzea izango dela eta traba ugari topatuko ditugula ibilbidean zehar pentsa badaiteke, ziur nago, urratsez urrats eta horizonte berdinerantz ibilia eginez, egia bilakatuko dela nire ametsa!! Baina urrats horiek ez nituzke ni soilik eman nahi, Martinek bezala, herritarrok bidelagun izan nahiko nuke nik, nire ametsa Gure Ametsa bihur dadin.
----------
Xabier Arregi Murgiondo
(Oñatiko alde zaharreko bizilaguna)
Oñati