Artikulu horretan, herri "bitxia" dela dio; izan ere, herri arabarra izanik bizkaierazko euskara egiten ei da eta gipuzkoar sentitzen ei gara aktibitate ekonomiko nagusiena hango lantokiak direlako (Debagoiena). Lagunartean eztabaidatu genuen eta han esandako batzuk dira honako hauek: "Gipuzkoarrago sentitzen naiz, arabar baino", "Lanera Debagoienara joaten gara gehienak, gipuzkoarragoak gara"; "Hurbilago sentitzen dut zarauztarra, oiondarra baino"; "Araban euskararengatik egiten ari diren ahalegina ikaragarria da; beraz, euskaldun bezala hurbilago sentitzen naiz"; "Zergak Araban ordaintzen ditugu"... Rafael Castellanoren erantzuna igandeko Berria-n madrildarra ala debarra sentitzen zen galderari: "Ni gustura sentitzen naiz toki guztietan. Hona etorri eta euskara ikasten hastea oso naturala izan zen".
Aramaiora etorri garenok, etorkin garenok, zer esan behar ote dugu? Nik, behintzat, Arabako Aramaion bizi naizela esaten dut. Iñaki Perurenak Bilboko kazetariari esandakoa: "Sentitu edo ez sentitu?… hala naiz!".