Bitxia bada ere –eta susmagarria, agian–, lehenengo hamarkadetan izen femeninoak erabiltzen ziren, baina, 1979tik aurrera, genero-alboratzea saihesteko, izen femeninoak eta maskulinoak tartekatu dira.
Europan eta Amerikan egiten den praktika bat den arren, arrazoiren batengatik denok ditugu gogoan kontinente amerikarrari eragin zioten izen batzuk: nork ez du gogoratzen Mitch urakana, Erdialdeko Amerikan oso suntsitzailea izan zena; eta, batez ere, Katrina, New Orleans suntsitu zuena, eta ia 2.000 biktima zuzen utzi.
Dirudienez, depresioak bataiatzea baliagarria izan da herritarrei informazioa emateko eta fenomeno horiei lotutako arriskuei buruzko kontzientziazioa hobetzeko. Europako hego-mendebaldeko herrialdeek depresioentzako nomenklatura komun bat adostu zuten 2017an, baina inpaktu handiko depresioak baino ez dira aipatzen: 90, 100 eta 110 kilometro orduko haizeak, eremuen arabera, edo maila laranjako edo gorriko abisuak aldi berean ematen direnean, prezipitazioengatik.
Izenak hurrenkera alfabetikoaren arabera aukeratzen dira, izen maskulinoak eta femeninoak tartekatuz. Q, U, X, Y eta Z hasierako letrak ezabatzen dira, eta kaltetutako herrialdeetako hizkuntzetan erraz ahoskatzeko ahalegina egiten da. Izenen zerrenda ekaitza gogorren denboraldiaren hasieran argitaratzen da; hau da, orain irailean.
Nomenklatura hori hasi zenetik lehen aldiz, izen euskaldun bat erabiliko da, 2024ko denboraldiko lehen ekaitz gogorrak Aitor izena izango baitu. Denok nahi dugu izen hori, gure artean hain ohikoa dena, Europan bere garaian Filomena2021ean bezain ospetsu ez egitea. Baina, badaezpada ere, ongietorria egingo diogu historiako lehen euskal ekaitzari.