'Toconao'-ren pinportak

Erabiltzailearen aurpegia Valen Moñux Uribesalgo 2024ko ots. 9a, 00:00

Nire dedikazio profesionala industria arlokoa ez den arren, Antzuolan lan egiteak plastikoaren industria gertutik ezagutzeko aukera eman dit.

Irakurle batzuek agian ez dakite plastikoa manufakturatzeko behar den lehengaia gaztelaniaz granza deitzen den produktua dela; bolatxo batzuek osatzen dute eta hainbat formatu eta koloretan aurkezten dira.

2024aren hasieran, Galizian gertatutako plastikozko pelleten isurketaren berria eman zuten. Nik, jende askok bezala, pellet hitza material birziklatu konprimituarekin osatutako erregaiarekin lotzen nuen. Oso material praktikoa eta iraunkorra da eta gero eta gehiago erabiltzen da etxeetan eta industrian. Denbora bat behar izan nuen ohartzeko pelleteiburuz ari zirela; Antzuolako eta Debagoieneko enpresa askotako langile askorentzat hain ezagunak ziren granza-bolatxoei buruz.

Sinestezina da, baina gaztelaniazko komunikabide guztiek frantsesezko pellet esamoldea erabiltzen dute plastikozko bolatxoak aipatzeko orduan. Uste dut nolabaiteko pedanteria probintzianoa dagoela alferrikako galizismoa erabiltzeko joeran. Halaber, albistea dramatizatzeko eta anplifikatzeko asmoa dagoela ere susmatzen dut. Askoz ere zirraragarriagoa da "grave vertido de pellets en la Costa Cantábrica" "un barco vierte un contenedor de bolitas de plástico en Galicia" baino.

Zorionez, hedabide euskaldunetan ez da egon desoreka linguistiko hori; izan ere, bolatxoak eta, batez ere, pinportakhitzak erabili dituzte normaltasunez. Azken hori nire gustukoena da gaztelaniaz hitz eginda ere: pinportas de plástico.

Tristea da, gainera, pellet hitza erabiltzean gaztelaniazko umoristek eta Interneteko meme sortzaileek aukera galdu dutela txantxak egiteko, Toconao izeneko itsasontzia bolatxoen sortzailea izanda: el Toconao de las pelotillas.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak