Arrazoi pertsonalengatik, bereziki sentikorra naiz kultur sektorean, bereziki musikan, sortu den gertakariarekiko.
Ehunka jarduera daude, eta, denbora gutxian, kutsatzeak saihesteko neurri egokiak hartuz berriz hasiko direnak "distantzia soziala" gordez.
Baina noiz ikusiko ditugu berriz esparru eszenikoen besaulkiak okupatuta? Eserleku bakoitzak berrogeita hamar zentimetroko zabalera izaten du, eta eserleku baten eta aurrekoaren arteko ohiko distantzia metro bat baino gutxiagokoa da.
Baldintza horietan, plazen ehuneko hogei baino ezingo lirateke okupatu.
Adibidez, gehienez ehun eta hogei pertsona Udal Pilotalekuko kantxako besaulkietan edo berrogei ikusle baino gutxiago Seminarixoan.
Tokiko adibide hau milaka jarduera eszenikotara eramateak, horien biziraupena ikusleen erantzunaren araberakoa izanik, hotzikara ematen du.
Hala eta guztiz ere, uste dut badela beste sektore bat bereziki larritzen gaituena guztiok; izan ere, egunez egun, gure bizitzek izan duten iraulketa izugarria jasaten dugu, saltokiak eta ostalaritzaestablezimenduak itxi direlako. Testuinguru horretan, Udalak Herriko komertzioa Bergararekin, Bergara herriko komertzioarekin kanpaina jarri du martxan. Bertan, erabateko protagonismoa ematen zaie merkatariei, eta haiek beren irudia eta ahotsa eskaintzen dituzte etxeko bideo txikiekin. Kanpaina sinplea bezain eraginkorra da, eta ni, pertsonalki, zeharo hunkitu nau. Hain da horrela, ezen erabaki pertsonala hartu baitut: Amazon, Zalando, online erosketak, hiriburuetako frankizia handietan erosketak... ahaztea, gutxienez urtebetez, berriro irekitzen denetik.
Artikulu apal honetan argitara ematen dudan jarrera da, eta nire herrikideak animatzen ditut aipatutako kanpainari arreta jartzera.