'Wergara', wolframaren 'W'-z

"Bergararrok epelak gaittuk". Esaldi hau entzun nion herrikide bati duela urte batzuk, eta, ordutik hona, askotan sartu izan dut elkarrizketa ugaritan, oso ondo adierazten baitu gure izaera kolektiboa.

Uste dut, orokorki, ez dugula adierazten harrotasun handirik gure herriak dituen dohainei buruz. Ez nuke esango hotzak garenik, baina oso-oso beroak ere ez.

Adibidez, edozein ikuskizunetan ikusleen erantzuna. Bergararron erreakzio mailak bi izaten dira: ohiko txalo zaparrada normala... edo pixka bat luzeagoa. Inguruko herrietan, berriz, ikusleek zutik txalotzea oso normala da. "Eske epelak gaittuk", pentsatzen dut, pixka bat kontsolatzeko.

Bergara 750 ikuskizuna prestatzeko dokumentazio bila, Rosa Errazkinekin egon nintzen, eta, aurretik adierazitakoaren harira, antzerako burutazioa adierazi zidan. Bera kimikaria da, eta Laboratorium museoko arduradun zientifikoa. Zioen bergararrok ez diogula garrantzi nahikorik ematen Elhuyar anaien aurkikuntzari. Niri, pertsonalki, bere ezagutzaren ondorengo entusiasmoa kontagiatu zidan eta ahalegin guztiak egin nituen ikuskizuneko entzunezkoan 1783. urte historikoa azpimarratzeko, wolframaren aurkikuntzaren data.

Horrekin lotuta, egun historikoa bizi izan dugu urriaren 20an. European Phisycal Society-k Zientziako Leku Historiko izendatu du Bergara. Bai Udalak eta bai goi mailako administrazio guztiek dena eman zuten ekitaldietan eta benetan ahaztu ezineko eguna izan zen.

Seminarixoko ekitaldian esandakoak oso ondo jasota daude azkenengo Puntua aldizkarian. Jakiundeko ohorezko presidente Pedro Miguel Etxenikek emandako maisu-klasea nahikoa izango litzateke bergararron kontzientzia kolektiboa berotzeko. Kuriositatez, wolframaren ezaugarri garrantzitsua bere fusio tenperatura altua da, gainera.

Aipatutako Puntua-ren lehenengo orrian, gainera, nolabait jasota gelditu zen nire gustukoa den eslogan berri bat: Wergara wolframaren ‘W’-z idazten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak