Nire ume denboran telefonoa nobedade teknologikoa zen eta txantxa horrek arrakasta handia zuen. Pixka bat geroago, beste berrikuntza galant bat disfrutatzen hasi ginen: atezain automatikoa.
Donostiako lehengusuekin kristorena muntatu genuen Gros auzoan.
Bakarrik geunden baten, txilioka hasi ginen atezaineko telefonotik eta jendea hasi zen pilatzen gure atari aurrean, atezaineko bozgorailuan bahitutako norbait laguntza eske baitzegoen. Udaltzainak ere agertu ziren, eta eskerrak ez zutela deskubritu zein etxebizitzan gertatu zen bahiketa.
Azkenean, tresna berriak umeen eskuetan, umekeriak egiteko. Azkeneko urteetan, berriz, beste berrikuntza teknologiko aparta bat etorri zaigu: telefono mugikorreko Whatsapp aplikazioa. Oraindik nobedadea denez, askotan modu desegokian erabiltzen dugula deritzot. Nahikoa da norberaren telefonoaren ikono berde ospetsua sakatzea ikusteko zenbat tontokeria, informazio faltsu, mezu txepel eta zabor pila gordetzen dugun gure sakeletan. Gaixotasun berria delakoan nago, eta whatsappitis akutua deitzen diot.
Eta ez da lehen telefonoarekin edo atezain automatikoarekin gertatzen zen bezala, umeen gauza bat, baizik eta adin guztietako jendea afektatuta dagoela garbi ikusten da.
Hemen nire galdera batzuk: taldeko baten urtebetetzea denean, beharrezkoa da talde barruan denok zoriontzea, bananbanan? Ez da egokiagoa modu pribatuan zoriondu, beste denak ez molestatzeko? Ezin da filtro bat jarri eta ez whatsappeatu eduki matxista edo arrazista duten meme-ak? Ezin ditut jasan Whatsappeko beltza-ri buruzko txepelkeriak.
Azkenik, ikasleen gurasoen taldeei buruz zer komentatuko dugu? Orain dela gutxi, mota honetako elkarrizketa baten transkripzioa iritsi zait, barrez lehertzeko modukoa. Norbaitek interesa badu, telefonoa pasatu eta whatsapp-a bidaliko diot. ;)