Adierazten diren pertsonaiak eta situazioak zeharo absurdoak dira eta ehunka interpretazio egin dira ipuin fantastiko horren gainean. Gure ikuspuntutik, ez da erraza asmatzea zeintzuk izango ziren parodien helburuak, baina argi dago, adibidez, Dodo Txoria egileak bere buruari egindako burla bat zela. Carrollen benetako abizena Dogson baitzen, eta, tartamutua izanik, bere abizena Do-Do-Dogson ahoskatzen zuen. Nahiko garbia da Bihotzen Erreginaren pertsonaia orduko Ingalaterrako Victoria erreginaren karikatura surrealista dela.
Sasoi victoriar hartan egindako obra horretan oinarrituta, kontaezineko egokitzapen lanak egin dira. Ezagunenak, zalantzarik gabe, Disneyk produzitutako bi pelikula dira: 1951ko marrazki bizidunetako filma eta 2010eko Tim Burtonen bertsioa, aktoreekin egina, baina azken belaunaldiko efektu berezi ikusgarrienak erabilita.
Aliziaren historia eta bere pertsonaiak oholtzara ere igo dira askotan eta antzerki lan ugari egin dira; horietatik batzuk musikalak dira, gainera.
Aspaldiko ohiturari jarraituz, ia tradizio bihurturik, Bergarako Musika Eskolak Aliziaren bertsio musikala taularatuko du 2017an.
Betiko irizpideari jarraituz, euskarazko bertsioa izango da, eta, aurretik beste obrekin gertatu izan den moduan, historian lehenengo aldia izango da Alizia musikala euskaraz taularatuko dena.
Dagoeneko martxan jarria dago, beste behin ere, gure faktoria: gidoilariak, dekoratuen egileak, abeslariak, musikariak, dantzariak...
Beti bezala, bidelagun ugari izango ditugu gurekin, sorpresaz beteriko bertsioa gauzatzeko.
Ea, bada, nola jarraitzen duen gure abenturak Lurralde Miresgarrian. Gu, behintzat, hasi gara korrikan Untxi Zuriaren atzetik.