Zientzia fikzioa etxean

80ko hamarkadan estreinatutako Back to the Future-ren bigarren filmean (Etorkizunerako Itzulera II. Zatia), protagonistek denbora-jauzia egiten dute...

... eta 2015eko urriaren 21ean agertzen dira; joan den asteazkenean, hain zuzen. 

Kuriosoa da orain azterketa txiki bat egitea konparatzeko zenbat gauzatan asmatu zuten film egileek euren iragarpen teknologikoekin. 

Pelikulako gadget-ik gogoragarrienak lokarri automatikodun zapatilak ziren, eta, batez ere, skate hegalaria. Ez bata eta ez bestea ez dira iritsi dendetara. Zer esan auto hegalariei buruz, munduko markarik onenak oraindik ez badira gai gurpildun ibilgailuak egiteko atmosfera isurtze egokiekin. 

Hala ere, badago pelikula honetan aurrerapen bat errealitate bihurtu eta franko hedatu dena: bideo konferentzia, konkretuki. Horrenbeste urte ez dela, fantasia hutsa iruditzen zitzaigun telefonoak pantailekin eta solaskidearen irudia ikustea elkarrizketa bitartean. Tresna hori aspaldi hasi zen erabiltzen enpresa askotan eta derrigorrezko bihurtu da hain garrantzitsuak diren nazioarteko merkataritza harremanetan. Hala ere, oraindik harrigarria deritzot zein erraza den bideo konferentziak egitea gure etxebizitzatik bertatik. Nahiz eta informatika erabiltzaile amorratua izan, orain dela gutxi arte ez naiz sentitu behartuta hori erabiltzeko. Gure seme zaharrena atzerrira joan da ikasketak egitera, eta kurtso hasieratik asko erabiltzen dugu etxean Skype programa mitikoa. Lanak behartuta, asko bidaiatzen duen lagun batek dio ordenagailu bitarteko komunikazioa bere familiaren emozio-oreka mantentzeko ordezkaezineko baliabide bihurtu dela. 

Edozein telefono edo ordenagailutan dohaineko programa eta Telefonicako fakturarik gabeko bideo konferentziak, denbora muga barik: zientzia fikzioa gure etxeetara heldu da, zalantzarik gabe. 

Goitibehera hegalariak, berriz, itxaron egin behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak