Abesti berriarekin dator Urgain Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Urgain 2023ko mai. 8a, 16:58

Hamar urte dira Oñatiko ikastetxe publikoak izendatzeko Urgain izena sortu zela, eta, urteurrenarekin bat eginez, abesti berria kaleratu dugu. Ozen entzungo da, besteak beste, maiatzaren 20an egingo den Urgain Egunean.

Abestiaren letra Maider, Urko eta Lide Arregi neba-arrebek egin dute –Urgainen ikasitakoak–, eta musika, berriz, Errekalden musika irakaslea den Noel Calvok eta haren taldeak –John Dealer & The Coconuts–. Josu Arrizabalaga, Izer, trikitilari azkoitiarrak ere hartu du parte proiektuan, eta kantuari ahotsa Olatz Kortabarriak eta Aitor Regueirok jarri diote, ikasle ohiak horiek ere. 

Kantuaren aurkezpenean, Kortabarriak adierazi du "ilusioa" egin diola berarekin akordatu izanak: "Duela hamar urte, lehen kantua sortu zenean, eskolan geunden, DBHn; bideoklipean parte hartzeko aukera izan genuen, eta hamar urte geroago ere gugana jo izanak ilusioa egin dit. Ikasle ohiak izanda, momentu asko etorri zaizkit burura, plazera izan da".

Noel Calvok, berriz, "abesti alaia eta abesteko erraza" egin nahi izan dutela zioen, eta Kortabarriaren eta Regueiroren lanaren emaitza goraipatu du.

Errekaldeko ikastetxeko zuzendari Lorea Jimenezek azaldu duenez, "herriari Urgain eskolaren izaera erakusteko" egin dute kantu berria.

Horrekin batera, Jimenezek jakinarazi du Errekaldeko ikastetxeari izena aldatzeko prozesua jarri zutela martxan, eta amaierara iristen ari dela: Urgain Herri Eskola deituko da aurrerantzean –ikasle, irakasle eta familiek aukeratu dute, bozketa bidez–.

Urteroko festa

Azkenik, guraso elkarteko ordezkariek maiatzaren 20an ospatuko den Urgain Eguna ere aurkeztu dute agerraldian. Julen Iriondoren arabera, Urgain osatzen duten ikastetxeetako komunitateak –ikasle, irakasle eta familiak– elkarrekin eguna pasatzeko, ondo pasatzeko eta eskola ingurunetik kanpo ere loturak estutzeko eguna izango da. Iaz 600 lagun batu ziren Urgain Eguneko bazkarian.

Aurtengo festako bi nobedade izango dira plazako ekitaldian egingo diren giza dorreak eta bazkalosteko bingoa. Giza dorreak "eskolako Herrialde Katalanetako familia baten ekimenez egingo dira, eta asteak daramatzate prestaketa lanetan"; bingoa, berriz, Oñati BHI institutuko ikasleek ikasbidaiarako dirua lortzeko izango da –bigarren eskuko azoka, bizkotxo salmenta, antzerkia eta zerbitzari lanak ere egingo dituzte, helburu berarekin–.

Urgain Eguneko Egitaraua

  • 11:00 Kalejira musikatua herrigunean.
  • 13:00 Ekitaldia eta giza dorreak. Foruen plazan.
  • 14:00 Bazkaria. Irunberri plazan.
  • 15:30 Antzerkia.  Institutuko aretoan.
  • 15:30 Bingoa.
  • 16:00 Guztiontzako Tailerrak, Txatxilipurdiren eskutik: zirku tailerra, sormen txokoa, natur elementuekin jolasean. 
  • 17:15 Apar festa.
  • 18:00 Kontzertuak: Hamarratz eta XABA.
  • 21:00 Amaiera

Urgain Egunaren antolatzaileek dei egin dute festara egunerako propio atera dituzten zapi moreekin eta eskolako jantziekin joateko. Zapiak eta arropa bihar, asteartea, eta hurrengo eguenean, hilak 18, salduko dituzte, 16:30ean, Errekalden –bihar, bazkarirako txartelak ere bai–.

Hilaren 20an, Urgain Eguna amaituta, Errekalde auzoko jaietan izango du, nahi duenak, festarekin jarraitzeko aukera.

Txiki-Txoko haur-eskolak, Errekaldeko eskolak, Oñati institutuak, Larraña Lanbide Heziketa ikastetxeak eta Helduen Eskolak (EPA) osatzen dute Urgain. Ikastetxe multzoa izendatzeko sortu zen duela hamar urte izena, "eskola publikoaren batasuna eta ikastetxeen ibilbidea adierazteko", besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak