AEBetako adimen gaitasun handiko (AGH) haurren elkartearen definizioaren arabera, AGHko haurrek "errendimendu/maila hobea erakusten dute edo horretarako ahalmena dute, adin, esperientzia eta ingurune bereko beste ikasle batzuekin alderatuta, esparru batean edo gehiagotan. Ikasteko eta beren potentziala egia bihurtzeko, beren hezkuntza-esperientzietan aldaketak behar dituzte".
Horren harira, "garapen sozialean eta emozionalean laguntza eta orientazioa " behar dituztela ere badio, "eta baita beren gaitasunen garapenean ere".
Agirianok azaldu zuenez, luzea da AGHko haurrek izan dezaketen ezaugarrien zerrenda; batzuk aipatzearren:
- Ezohiko hiztegi aberatsa eta beren adinerako esaldi-egitura konplexuak erabili ohi dituzte.
- Hitzen ñabardura, metafora eta ideia abstraktuen ulermena.
- Hein handi batean, autodidaktak: irakurtzen eta idazten eskolaurrean hasi ohi dira.
- Idealismoa eta justizia-zentzua normalean baino lehenago agertu ohi da.
- Ardura handia gai sozial, politiko eta injustiziengatik.
- Ezohiko sakontasun emozionala, sentimendu eta erreakzio biziak, eta oso sentiberak dira.
- ...
Hizlariaren esanetan, eskola eremuan, haur hauen behar nagusiak izan ohi dira:
- Ulertuak eta onartuak izatea.
- Beren mailako zereginetan parte hartzea.
- Jolas egiteko, beren interesak partekatzeko eta/edo zereginak egiteko beren mailako edo beraiekin bat egiten duen norbait izatea.
Adimen gaitasun handien identifikazio goiztiarraren garrantzia nabarmendu zuen Amaia Agirianok; umearen momentu bakoitzeko beharrei erantzutea garrantzitsu izanda, zenbat eta lehenago identifikatu, hobe: hainbat aditurentzat, 4 eta 7 urte artekoa da ebaluatzeko adinik egokiena, umea bere gaitasunak ezkutatzen hasi edo arazoak agertu aurretik –nahiz eta pertsona denek ez dituzten beraien ezaugarriak txikitatik erakusten–. Halako haurrek arreta espezifikoa eta, batzuetan, terapeutikoa behar izaten dutela azaldu zuen.