Zoriontasuna, askotan, giza bizitzaren helburu nagusi bezala aurkeztu da, baina posible al da benetan zoriontsu izatea? Zoriontasunaren definizioa gizartearen, kulturaren eta historiaren arabera aldatzen da.
Aristotelesek eudaimonia izendatu zuen zoriontasuna, bertuteen bidez bizitzan betetasuna lortzea, eta plazer hutsa baino zerbait gehiago zela uste zuen. Bizitza oso bat burutzea zen harentzat zoriona, non pertsonak bere potentzial osoa lortzen duen.
Orduan, berriro sortzen da galdera: zer da benetan zoriontasuna? Bizitzaren zentzuak, batzuetan, ez du erantzun bakar edo behin betikorik. Galdetu Nietzscheri bestela: bizitzaren izaera kaotiko eta menderaezina ospatzen zuen, norberaren gogoaren indarrek bultzatua.
Beste korronte filosofiko batzuek, ordea, bizitzaren zentzua plazerean bakarrik ez oinarritzea planteatzen dute. Horien arabera, benetako zoriontasuna ez da beti helburu nagusia, baizik eta nork bere existentziaren zentzua aurkitu behar du, besteen ongizatearekin eta bizitzaren ulermen sakonarekin lotuta.
Ez dira filosofoen artean ados jartzen, ez dut nik teoria bat idatziko: ez naiz hain harroa. Suposatzen dut denetarik behar dugula gizakiok, eta norbanako bakoitzak bere konplexutasunean. Norbaitek beharko du babesten duen inguru bat, besteak fedea, eta azkenak ez du ezta horretan pentsatuko ere. Dena den, nik neuk bai uste dut existentziaren eta zoriontasunaren zentzua ez dela gauza bakarrera mugatzen, baizik eta bizipenean bertan, kontzientzian eta benetako giza loturan datza.
Ez gara hain garrantzitsuak, kasualitatez gaude hemen, eta hori ospatu behar da.