Mundua hankaz gora jarri da... ala bazegoen jada?

Erabiltzailearen aurpegia Urko Lopez 2022ko api. 3a, 00:00

Hau da buruari egiten ari natzaion galdera. Ez dugu oraindik pandemia gainditu, ez bere gizarte-eraginak, ezta eragin ekonomikoak ere, eta orain, beste zurrunbilo batzuetan sartuta gaude. Batzuetan? Bai, batzuetan, ezin dezakegulako dena Ukrainaren eta Errusiaren arteko gudan oinarritu.

Guda aurretik bazeuden jadanik arazo energetikoak. Gogoan daukat, esaterako, Sidenorrek iazko urrian bere produkzioa eten zuenekoa argindarraren prezioengatik. Beraz, ez litzateke erabat zuzena izango gudari egoera honen ondorioak egoztea.

Dena den, hainbat arazo daude energiari dagokionez; Gobernu Zentraletik, beste herrialde batzuekin batera, elektrizitatearen prezioa gas naturaletik askatzea eskatu da. Europara sartzen den gas natural asko Errusiatik dator, gaur egun asko okertu da egoera, eta prezioan eragin du horrek. Espainiako Estatuaren kasuan, Magrebetik dator gas asko, Aljeriatik, neurri handian, eta Gobernu Zentralak Sahararekiko izandako jarrera aldaketak ere bertan eragin dezake, Aljeriak ez baitu begi onez ikusi jarrera aldaketa hori. Aipatutako bi egoera horietan argi ikusi daiteke ez dela erabateko merkatu-arazo bat, urrian, inolako gudaren aurretik, egon zitekeenaren moduan, baizik eta arazo geopolitiko peto-petoa gaur egun prezio energetikoei eragiten diena; dagoeneko bazegoen merkatu-arazoari gehitutakoa.

Horri lotuta, gas naturalarekin batera, erregaien prezioak ere arazoak sortu ditu garraioan, lehendik ere igotzen ari ziren erregaiei azken bultzada bat eman arte. Urtarriletik martxoaren erdialdera bitartean, batez beste eta hornitzaile desberdinen prezio gorabeheretan sartu gabe, Super95 gasolina litroaren prezioa %25 igo da eta diesel erregaiarena, %34. Honek garraiolarien greba piztu du; bistako eraginak dendetan gauzak faltatzea eta prezioen igoera izan dira. Baina badago hain bistakoa ez den eraginik ere: enpresa asko hornigai gabe ari dira geratzen eta ez daukate produkzioarekin jarraitzeko modu edo bermerik; beste batzuek, aldiz, produkzioa gertu duten arren, ez daukate norekin bidali, bezeroak erositakoa jaso eta ordaindu dezan. Hainbat enpresak produkzioa etetera zein Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteak irekitzera bultzatuko ditu egoera horrek, luzatuz gero –dagoeneko hasi dira batzuk hartan–.

Horrekin batera, eta aurretik aipatutako hainbat gauzaren eraginez, inflazioa ere aipatu behar dugu. 2022ko otsailean, %7,4an kokatu zen Kontsumo Prezioen Indizea Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) –duela urtebete, %0,3an zegoen–. Prezioek gorakada nabarmena izan dute. Hau ez da hemen bakarrik gertatzen ari, baita Estatuan eta Europan barrena ere. Europako Banku Zentralak ez ditu interes-tasak ukitu honi aurre egiteko; hauek igotzeak ere eraginak izango lituzke, zalantza barik.

Berez, Ukrainako gudak EAEko Barne Produktu Gordinaren hazkundean izango lukeen %2,2ko jaitsierari –%6,7tik % 4,5era– energiaren prezioaren kolpeak eta garraiolarien grebak industria eta merkataritzan izango duen eragina gehitu beharko zaio, eta ez dirudi eragina ona izango denik. Ez da ikusi, orain arte, politika edo neurri ekonomiko argirik egoera honi aurre egiteko, edo eraginak malgutzeko, gutxienez, ez foru aldundietatik, ezta Eusko Jaurlaritzatik edo Madrilgo Gobernu Zentraletik; Europak ere ez dirudi erantzunik daukanik. Tamalez, gauza hauek ez dira bakarrik konpontzen.

Eta berriro ere datorkit burura galdera: mundua hankaz gora jarri da… ala bazegoen jada? Zer deritzozu?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak