Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ekonomia eta Plangintza Bulegotik plazaratutako aurreikuspenen arabera, hazkunde honen eragile nagusietako bat barne-eskaria izango da; etxe-ekonomien aldetik egongo den eskaria, alegia. Enpleguak igoera izango du: %4,9 2021ean eta %3,2 2022an. Eta enplegu berrien sorrera aurreikusten da. Desenplegua ere murriztuko omen da, %10,3tik 2021ean %9,6ra 2022an, oraindik ere kopuru altuak diren arren.
Dena den, horrek ez du ekidin Euskal Autonomia Erkidegoan dauden hainbat enpresak arazoak eta langileekin gatazkak izatea. Bistakoak dira hedabideetan Tubacex, ITP eta Petronor enpresen kasuak, besteak beste, eta langileekin oraindik indarrean dauden gatazkak, epaitegiak tartean egonda.
Honek bi gauzatara garamatza, besteak beste: lehena, estatistiken orokortasunak berri onak eman arren, geruza batzuk barrurago egin behar dela, poztasuna auzoaren –kasu honetan, jardueraren– araberakoa dela ikusteko. Bigarrena, sektore industrialak aspalditik daukala mahai gainean garai berrietara egokitzeko erronka. Erronka hauen artean sektore berrietarako trantsizio prozesua dago. Gure sektore tradizionalenek gero eta arazo gehiago dituzte lehiakortasuna mantentzeko, eta krisi bakoitzak agerian jartzen du egoera hau. Duela urte batzuk, 2008. urtean sortutako krisi finantzarioak ekonomia eta gizartea sakon ukitu zituenean ere gauza bera esaten genuen; orduko eta gaur egungo jatorriak desberdinak izan arren, beharrizanek berberak izaten jarraitzen dute. Norabide berrien hautua egiten da sarritan, baina duela hamar urte ere gauza bera esaten zen; beraz, badaukagu zaharrak berri esateko arrazoirik.
Esandakoak ez du esan nahi gure sektore tradizionalenak desagertu behar direnik. Kontuz. Bistan dugu zer gertatu den, ez soilik hemen, baizik eta Europa eta delako mundu garatu osoan mikrotxip eta erdieroaleekin. Bere unean, Asian askoz ere merkeago produzitzen zirelako, bere produkzioa hara kanporatu zen. Gaur egun, aldiz, hainbat arrazoirengatik dagoen mikrotxip eta erdieroaleen eskasia une hauetan, faltan igartzen dugu egun beharrizan desberdinak –automozioan, ekipo-ondasunetan, makinerian, doikuntzatresnetan, eremu informatikoan, eta abar, eta abar– ase ditzakeen tokiko sektore bat.
Antzeko egoera dugu orokorrean Asiatik datozen hornigai askorekin. Gaur egun, COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta, atzerapen handiarekin datoz gure enpresek behar dituzten lehengaiak. Esaterako, Txinak pandemian jarritako neurri zorrotzek nabarmenki eragiten diete gure enpresei. Neurrion artean, adibidez, portuen itxiera egon daiteke birusaren kasu bakarra aurkitzen bada. Itxiera honek irauten duen bitartean gure enpresek atzerapenarekin jasotzen dituzte hornigaiak. Azken finean, orain ari da Europa osoa ikusten hornigai askoren ekoizpena kostu apalagoko herrialdeetara kanporatu izanaren aukera kostua. Egia da, baita, tankera honetako egoera aurreikustea oso zaila zela iraganean, baina horrela suertatu da, eta orain, nola edo hala egin behar zaio aurre. Beraz, kontuz zer eta nola baztertzen dugun, etorkizunean faltan igar ez dezagun. Hori bai, sektore berriak ere bilatu ditzagun.
Horren harira, behingoz barneratu behar dira industria 4.0, zerbitizazioa, langileriaren trebakuntza eta kualifikazio eguneratua une oro. Jarduerarik ez galtzeko, enpresek lehiakortasuna mantentzeko. Baina hau ez da partxe gisa egin behar, epe laburreko neurri gisa, bestela beti gertatuko da-eta gatazkaren bat, alor ekonomikoan ez bada, langileria eta gizarte alorrean. Epe luzeko ikuspegi batetik egin behar da, modu integral batetik, eragile guztiak kontuan izanik –sektore publikoa, pribatua eta gizarte eragileak–. Ez da erronka erraza, ezta berria ere. Berriro ere norabide berrietatik zaharrak berrietara goaz. Gaixotasuna zein den agerikoa izan daiteke; honen aurkako txertoa aurkitzea, aldiz, guztion erronka da.