Askotan, hizlaria eten eta zeurea esan arte edo, agian, esaldi bakoitzean "ajam, ajam" batekin aditzen zabiltzala esan nahian. Azken batean, esateari garrantzia eman eta entzuteari balioa kentzen dion arrapaladan bizi garen gizartearen errua izango da. Beti da gizartea, beti dira besteak.
Zer erakutsiko dit niri zahar honek, bada? Edo zer erakutsiko ote dit niri ume moko honek, bada?
Bada momentu bat pertsonengan dena dakiela edo ezer gutxi erakutsi diezaioketela uste duen unea. Batzuek 16 urterekin, beste batzuek 24rekin eta beste batzuek bizitza osoan dute une motz edo luze hori.
Gazteak zaharrari mundu aldakor honen berri eta zaharrak gazteari mundu zahar honen berri emango dio. Baita zaharrak zaharrari eta gazteak gazteari ere. Zinez diot.
Zorionez, bizitzan zehar jende asko ezagutzea tokatu zait, une oro nago pertsona ezberdinekin harremanetan, eta gustuko dut. Hitzak, keinuak, talanteak, begiradak... Beti ikasiko duzu zerbait, hartu eta zeure egin, zure pertsonalitatea eraiki poliki-poliki, zure benetako izaera eta funtsa inoiz ahaztu gabe, noski.
Honekin esan nahi dudana da aditzeko modu asko daudela: begiekin, belarriekin, eskuekin, denekin.
Adinez aurrera zihoan batek –aretxabaletarra hura– beti zeukan zer konta, gehienetan berria, irribarrea erraz ateratzen zizuna, urrun egon arren harengana erraz hurbiltzen zinena. Joandakoan, beti "itsuena" esanez agurtzen zen. Denbora batez egon nintzen zer esan nahi zuen jakin gabe; ez nekien zergatik zioen. Behinola galdetu nion arte.
Pertsonak entzutera erakutsi didan horietariko bat joan da; ondo erakutsita, gainera.
Itsuena, Bittor, Itsuena.