Bihar

"Bai! Biharko egingo dut!". Nork ez du esaldi hori erabili edo nork ez dio semeari edo alabari entzun?

Nork ez du Inurriaren eta Txirriaren ipuina irakurri edo entzun?

Mañana y tarde-ren itzulpena, bihar eta berandu. 

Hortxe gaurko gaiaren nondik norakoak.

19-20 urte nituenean, Donostian ikasten nenbilenean, pisukide bat eta biok ostegunero ondorio berera iristen ginen: "Eta bihar loreontzi bat buru gainera erortzen bazaigu, zer?". Galdera haren aurrean, erabakia oso erraza zen: kalera irten eta ze giro zegoen ikustera joaten ginen –bai, ama, ikustera bakarrik, baina oso ondo ikustera irteten ginen–.

Beste batzuetan, zoriari uzten genion gure etorkizuna; hau da, txanpon bat botatzen genuen airera, txanponeko alde bat aukeratu eta, horren arabera ere, ze giro zegoen ikustera irteten ginen. Inoiz, bost aldiz bota genuen txanpona airera, guk aukeratutako aldea irten arte.

Haiek bai garaiak haiek. Baina pasa ziren.

Argi dago, eta denok dakigu, gaur hartutako erabakiek biharko egunean eragina izango dutela. Baina sarri, eta hori nire iritzia da, larregi hausnartu gabeko erabakiak hartzen ditugula uste dut. Munduaren egoera ikustea besterik ez dago, edo, errazago, egunkaria irakurri edo telebistako albisteen lehenengo bost minutuak ikustearekin nahiko dugu.

Kontuz carpe diem-en interpretazio azkarrekin. Momentua bizi? Bai. Momentua aprobetxatu? Bai. Batek jakin bihar zer gertatuko den? Bai. Mundu honetan ez naiz ni bakarrik bizi? Bai!

Gaur norbanako bakoitzak hartutako erabaki txiki bakoitzak biharko denon eguna arautuko du. Denok daukagu biharko egun on bat izateko aukera.

Bihar ez naiz ni bakarrik, bihar denok gara.

Oh.: gaur, ostirala, poteoa, banoa. Bihar… larunbata.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak