Meatzerreka

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Amiano Salterain 2021ko urr. 29a, 00:00

Astelehena, 12:45, presaka nabil. Ia beti bizikletan ibiltzen naiz; oraingoan, aldiz, autoa hartu beharra daukat –kaka zaharra, ez daukat beste aukerarik!–.

Bihar ikasle talde batekin Askasibar baserrira joan beharra daukat eta bertako ugazaba ezagutu gura dut, telefonoz hitz egitea gauza bat delako eta beste bat pertsona aurrez aurre ikustea eta ezagutzea. Bidean, Omu Ceramicas parean geratu beharra izan dut; ez dakit, zehazki, Askasibar non dagoen, eta parean baratzean jardunean dabiltzan bi gizonek ederki asko azaldu didate non dagoen. Iritsi naiz Askasibarrera. Dedio! Ze baserri polita; zenbat urte izango ditu? Hurbildu eta ate gaineko kanpaia jo dut; bitxia, baina eraginkorra: istant batean atera zait neska. Jarri diot aurpegia telefonoko ahotsari. Gauza bat dela edo bestea dela, berriketan hasi gara. Arrasate Meatzerrekan sortua dela, errege bidea bertatik pasatzen dela, batek baino gehiagok zona horri Veneras deitzen diola, lehenengo Santamas azokak bertan egiten zirela, Askasibar baserria Arrasateko zaharrena dela… Ez naiz hasiko baratzearen eta naturaren inguruan esandakoak zerrendatzen, beste bi artikulu beharko nituzke eta. Bua! Ze gustura nagoen, baina joan beharra daukat, eguerdirako ikastolan egon beharra daukat eta.

Autoan bueltan noala, a ze lotsa nirea. Bizikletan ondoko errepidetik eta Meatzerrekako elkartetik sarri pasatu izan naiz, eta ez neukan ezeren berri.

Hemendik aurrera, ez daukat zalantzarik: mendiko bizikletan polikiago ibili, burua gehiagotan altxatu eta ingurua hobeto aztertu eta norbait berriketarako gogoz badago, geratu! Altxor bat erakusteko gogoa edukiko du eta.

Hau guztiau Meatzerrekan bizi den baserritar batek, edo, hobeto esanda, naturatik, naturan eta oso modu naturalean bizi den pertsona zoragarri batek, erakutsi eta ikusarazi dit. Bejondeizula, eta eskerrik asko!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak