Autoak eta hautuak

Erabiltzailearen aurpegia Txantxiku Ikastola 2026ko urtarrilaren 29a

Hezkuntza edo ikastetxe ereduei buruz aritzen garenean, zein hobea izango konparatzen jarduten gara maiz. Kristau Eskolak, Eskola Publikoak eta Ikastolak, nagusiki, baina hor daude beste batzuk, eta Kolegio Ingelesa eta Alemana bezalakoak ere bai tartean.

Batzuetan automobil marka eta modelo ezberdinak elkarren artean konparatzen ari garela dirudi. Eta, ez da metafora gisa eredu txarra, agian. Honek potentzia handiagoa duela, horrek kontsumo baxuagoa, beste hark 0tik 100era azelerazio azkarragoa, hau erosoagoa dela, beste hura politagoa, edo dotoreagoa… Bat diesela bada bestea gasolina da, edo hibridoa, edo elektrikoa… Berriena izango da bat, baina fidagarriena bestea.

Ez al gara horrela ibiltzen ikastetxeen arteko alderaketak egiten? Honen pedagogia eredua, haren eskaintza, bestearen emaitzak, zerbitzuak, ospea, instalazioak…

Egia esan, egungo kotxeak, guztiak dira lehengoak baino modernoagoak, erosoagoak eta aurreratuagoak. Prestazio askoz gehiago dituzte, elektronika zati oso garrantzitsua, eta sentsore pila bat. Garai batekoak baino konplexuagoak ere badira ondorioz, eta ia denei gertatzen zaie txibatoren bat piztea nahi baino sarriagotan. Baina arazoa norberak konpontzea lehengo autoekin baino zailagoa da.

Kontua, ordea, gure auto hauek zertarako diren izango da, batik bat, ezta? Nora joateko diren edo nora begira dauden, alegia. Zein errepidean dauden, edo doazen, eta noruntz.

Horrek izan behar luke bereizgarri nagusia. Horren arabera sartu beharko luke bakoitzak automobil batean edo bestean. Eta horretaz gutxi hitz egiten dugu.

Ikastolak ez dira besteak zioazen tokira joateko sortutako autoak. Helmuga urrun izateagatik-edo, senari jarraituz bezala abiatu ziren bide berri batetik. Agian zuzenagoa da laino artean bide berri bat egiten hasi zirela esatea, bide hori egin egin behar baitzen: baimenak lortu, euskarazko seinaleak egin, bidegurutzeetan erabakiak hartu, gidariak formatu, behar adina erregai ziurtatu… Eta bakoitza bere aldetik hasi arren, berehala ohartu ziren elkartuta egin behar zutela aurrera, taldeko kotxerik bidean ez gelditzea helmugaren ezinbesteko baldintza bat bailitzan.

Orain, ordea, ez da hain erraza auto guztiak bide berean doazen (goazen) ala ez bereiztea. Baietz ematen du askotan. Eta badira hori pentsatzeko arrazoiak. Autoen ezaugarrietan jarri ohi dugu azpimarra gehiegitan, ez bidearen noranzkoan, eta beraz, ez da harritzekoa denok helburua toki berean dugula pentsatzea. Eta bide berean goazela.

Ikastolazaleok sarri erori gara horretan. Alde batera, normala ere bada. Ez da gustagarria tarteka tarteka (geroz eta sarriago) besteen bidetik joan nahi ez duzun “espexiala” zarela entzun behar izatea. “Espexiala”, “baztertzailea” esaten ez dizutenean. Azkenean, geu jardungo gara beren ondoan goazela demostratu nahian argudioak ematen, horrela geure teilatura harriak bota arren. 

Bestalde, errazagoa da egindako bidean aurrera egitea, bidea egitea baino. Eta erosoago joaten da bide zabal eta asfaltatu berrian, bihurgunez betetako estu eta koskadun batean baino, eta nekeak eragin egiten du. Ez dira erromantizismorako eta konpromisorako garairik onenak.

Ondorioa argia da, noski: bide berean bagoaz, zergatik ez ditugu bada beste auto batzuk erabili nahi, hauetako asko doako zerbitzu publikoa izanda, gainera? Horien ordez, geure luxuzko auto pribatuan gu bakarrik joatea nahi dugunak omen gara gu. Eta horregatik ez balitz eta horretarako ez balira, gure kotxeak ez omen lirateke beharrezkoak jada.

Esan bezala, badira horrela pentsatzeko arrazoiak. Eta interesak. 

Nola askatu korapiloa? Non ote irtenbidea?

Egia da errazagoa dela bideak eta helburuak bereiztea Zangotzan edo Beskoitzen, Oñatin baino. Baina hiruretako ikastolen bideak elkarri lotuta daude. Besteak? Nora doaz errepide horiek? Ikastolenaz gain, seinaleak euskaraz dituzten bide gehiago badira, baina horrek ez du esan nahi guk nahi dugun tokirako bidea erakusten dutenik.

Zer bide eta zer bideondo! Egun, garrantzitsuena autoan goazen bitartean ahalik eta erosoen joatea dela esango digu askok, badugula nahikoa lan eta kezka bestela ere. Gure seme-alabak istripurik izan gabe ibili eta irits daitezela heldu beharreko lekura, eta kitto! 

Ez du arrazoirik falta horrela pentsatzen duenak. Gauzak asko aldatu dira garai batetik, eta denetariko iritziak daude. Lehen bezala, bestalde. Aniztasuna. Dena dela, herrialde edo estatu burujabe guztientzat da oso oso garrantzitsua beraien hezkuntza autoak eta errepideak diseinatu eta eraikitzea. Gobernuek edota administrazioek ez dute edozeinen esku uzten zeregin hori, beraiek zuzendu nahi izaten dute. Ez dago urrutira begiratu beharrik horretaz jabetzeko. Zerbaitegatik izango da, ezta?  

Gure muga, zailtasun, gabezi eta kontraesanekin, auto eta errepide propioak egiten ahalegintzea ez ote da zilegi? Hori al da gure pribatutasun bekatua? Hori herrigintza izan da  eta da. Eta ez zilegi bakarrik, altxor eta aberastasun estimaezina ere bada. Herri eta gizarte bezala hainbat aurrerapauso eman izanaren oinarria. Bestelako irabazi asmorik gabeko herrigintza. Ez da lotsatzekoa edo ezkutatzekoa: alderantziz, harro egoteko moduko erantzukizun eta ahalduntze ariketa da, gure ustez.

Eta ibilbide eta bidaia honetan, zer izan zen, zer izan da eta zerk izan behar luke biderako ahalik eta ibilgailurik onenak sortzeko eta mantentzeko gure motibazioa? Gehien maite ditugunak bidaia honetan pertsona zoriontsuak eta bizitzarako prestatuak izaten laguntzeko baliagarrienak izatea. Eraldaketak eta hobekuntzak asmatu eta praktikan jarri ditugu, ausartak izan gara batzuetan. Ez beste batzuk baino bitarteko gehiago izan ditugulako, ilusio, konpromiso eta ahalegin bereziei esker baizik. Eta aurrerapauso asko beste ereduetako autoetan ere ezarri dira. Eta noski, guk ere baditugu besteengandik jasotako ekarpenak.

Helmuga berera bide ezberdinetatik ere iritsi daitekeela esango digute beste batzuk, eta hala izan daiteke. Eta bideetaz eztabaidatu eta hausnartu genezake. Baina ez da ulergarria ustez helburu berdina omen dutenetako hainbatek gure hautuarekiko duten muturreko ikusiezina edo amorrua. Zein da arazoa? Ez al dira aukera hauek aniztasunaren barruan kabitzen? 

Azken finean, auto batean doan edonork nahi duena besterik ez dugu nahi: gure etxera bidea egin. Eta bidean ikasi eta gozatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak