Apirilaren 26an, Batxilergo bigarren mailan eta Jarduera fisikoa, aisia eta osasuna irakasgaiaren baitan, Eric Burrage kaliforniarraren bisita jaso genuen. Gaur egun Bergaran bizi da eta osasunaren inguruko ikuspegi holistikoa beregan praktikatzeaz gain herrialde ezberdinetako kirolariekin ere terapeuta lanak egiten ditu. Osasuna ez da soilik kirol pixka bat egin eta elikadura zaintzea, konplexuagoa da eta begirada zabaltzea eskatzen digu. Osasun fisikoaz gain, osasun emozional, mental, sozial eta espiritualak ere landu beharko genituzke.
Gaur egungo gizarte ereduarekin kritiko, sedentarismoa normalizatu dugula dio eta azken urteetan ingurune erosoegiak sortu ditugula. Orokorrean gure gorputzetan estres egoera gutxi bizitzen ditugula eta honek gure organismoak ahuldu dituela. Gizakion gorputzak guk uste duguna baino gaitasun gehiago dauka eta egunerokotasunean hormesiaren bidez, estresore txikiak aplikatzen badizkiogu (jarduera fisiko intentsoa, tenperatura aldaketak, aldizkako baraualdiak...), erresilienteagoak egingo gara.
Azken ideia bezala, norbere buruarekin zentzu guztietan ondo sentitzea lehentasuna izan behar litzatekeela dio. Gure buruari ondo sentitzeko zer behar dugun gehiagotan galdetuz eta ingurukoek egiten dutenari horrenbeste erreparatu gabe, geuregan arreta jarriz.
Gaur egun, arlo askotan eta baita osasunaren gaian ere, zaila da interes komertzialen gainetik ikustea eta zer den egia eta zer ez bereiztea. Ericen bisitarekin erantzun batzuk aurkitu ditugu baina galdera berri asko ere sortu zaizkigu. Jarrai dezagun beraz, gai honetan sakontzen eta gu hobeto sentitzeko zer behar dugun gure buruari galdetzen! Eskerrik asko Eric!