Goizean geletan bideo proiekzio eta mahai inguruen bitartez gaia geletan landu dute. Ondoren, Euskal Herrian azken 5 urteetan indarkeria matxistaren eraginez hildako emakumeen zerrenda osatu dute eta horietako bakoitza irudikatzen duen aulki bat apaindu dute euren omenez. Goiz erdialdean, ikasle eta irakasleak plazan bildu dira eta geletan apaindutako aulkiak plazan kokatu dituzte. Gela bakoitzeko ordezkariek hildako emakumeen izenak irakurri dituzte eta banan banan, apaindutako aulkiak plastiko beltz batez estali dute emakume horien biziaren amaiera irudikatuz. Izenarekin batera, krabelin more bat utzi dute aulki bakoitzaren gainean emakumeen omenez. Bukaerarako aulki bakarra gelditu da koloreztatuta eta antolatzaileek amaieran irakurritako mezuan adierazi duten bezala, “ez dugu plastiko beltz gehiago jarri nahi, ez dugu emakume bat gehiago hilda ikusi nahi, koloreztatutako aulkiak nahi ditugu!”
Emakume guzti horiek gogoratzeko minutu bateko ixilunearekin amaitu dute bilkura ikasle eta irakasleek.