Iritsi dira inauteriak ikastolara!

Erabiltzailearen aurpegia Txantxiku Ikastola 2019ko ots. 27a, 10:12

Egubakoitzean, martxoaren 1ean, inauteri ospakizuna izango da Txantxiku Ikastolan. Ikastolako komunitatea osatzen dugun ikasle, guraso eta irakasleentzako ekintzak izango dira.

Egubakoitzeko ospakizunak ikastolako lan-talde desberdinen elkarlanari esker osatu da. Azken urteetan bezala, aurtengoan ere, apaingarriak, abestiak, dantzak eta gainerakoak eta irakasle eta ikasleen artean sortu eta landu dituzte gelan.

Ikastolako haur txikienek, 1 eta 2 urteko haurrek, goizean izango dute inauteriak ospatzeko tartea ikastolako jolaslekuan. Arratsaldean izango da gainontzeko ikasle guztien txanda. 3 urtetik 5 urtera bitartekoek lorategi eder bat irudikatuko dute ikastolatik plazaraino egingo duten kalejiran. Izan ere, loreak izan dira aurtengo inauterietarako aukeratutako gaia. Kalejira ikastolako patiotik abiatuko da 15:15ak inguruan San Juan kalera, handik plazarako bidea eginez. Plazan saio txiki bat egin ondoren ikastolara bueltatuko dira patioan jaiarekin jarraitzeko. Kalejiran DBH-ko ikasleek ere parte hartuko dute trikitixa eta panderoa joaz kalejira alaituz.

Lehen Hezkuntzako gaztetxoek ere arratsaldean kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar. Kirolariz mozorrotuta irtengo dira ikastolako patiotik 15:00etan. Ikastolatik Errementari plazara abiatuko dira, handik Kale Barria zeharkatu eta plazara iritsiko dira. Kalean, zein ibilbidean zehar egingo dituzten geldialdietan ikastolan aurrez prestatu dituzten dantzak eskainiko dituzte guztiek elkarrekin.

Plazako emanaldia bukatzerakoan, guztiak elkarrekin ikastolako patiora abiatuko dira 16:30etatik aurrera ospatuko den dantzaldian parte hartzera. Aurtengoan ere GAUARGI TALDEAk girotuko du ikastolako inauteri jaiko dantzaldia eta gerturatzen den guztiarentzat txokolatea banatuko da. Ikastolako elkartasun taldeak txokolate solidarioa eskainiko du. Nahi duen guztiak bere ekarpen ekonomikoa egin ahal izango du aurtengo elkartasun proiektua laguntzeko.

“TTAK” taldeak antolatutako ekintzak DBH-n

Aurtengo berrikuntza “TTAK” taldearen eskutik etorri da. “TTAK” taldea, ikastolako ikasleen euskara taldea da. Iazko ikasturte amaieran, DBH-ko ikasle guztiek proiektukako lanketa berezia egin zuten eta horietako proiektu bat izan zen ikasleen euskara taldeari norabide berri bat ematea. Bertan egindako hausnarketen emaitza dira aurtengoan “TTAK” taldeak sortu dituen ekintza berriak; guztiak euskara eta euskal kultura DBH-ko ikasleen artean zabaltzeko asmoz.

Inauteriak direla eta Euskal Herriko inauterien inguruko jolasak, galdera-sortak eta bideo-proiekzioak sortu dituzte eta DBH-ko ikasle guztiak aste honetan zehar lanketa berezia egiten ari dira “TTAK” taldeak antolatutako ekintzei esker.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak