Iaz Oñatin ospatutako Kilometroen harira sortu zen MENDIMETROAK ekimena, aurtengoa beraz bigarren edizioa izango da. Lehiakortasuna alde batera utzi eta haur eta gazteen artean mendizaletasuna bultzatzea du helburu nagusietako bat ekimenak. Modu berean, Gipuzkoako ikastola guztietan Kilometroak jaia urte osoko jaia dela eta ez dela egun batera mugatzen gogorarazteko baliatu nahi da ekimena baita ere.
Maiatzaren 20a da aurtengo MENDIMETROAK ospatzeko aukeratu den eguna eta Oñatin Gorgomendira (Aloñara) igoko dira. Txantxiku Ikastolako antolatzaileek goizeko 9:00etan herriko plazan egin dute hitzordua. Handik taldeetan banatu eta Arantzazura kotxeetan abiatuko dira eta bertatik oinez Aloñaraino igoko dira.
Iaz bezala, ikastola bakoitzak irteeraren taldeko argazkia egingo du gailurrean eta irudi guztiekin egindako mosaikoa kilometroak.eus webgunean ikusgai jarriko da ekainaren hasieran.