Pasa den astean eman zioten hasiera aurtengo jaiaren egitarauari Lehen Hezkuntzako ikasleen antzerki emanaldiekin. Santa Ana aretoan ikasturtean zehar gelan sortutako antzerkiak taularatu zituzten 5. eta 6. mailako ikasleek.
Jai egunen ondoren, bihar berrekingo diete ospakizunei ikastolan. Goizean, OINEZ IKASTOLARA ekimena gauzatuko da. Oñatiko auzo desberdinetan hitzordua egina dute ikastolara elkarrekin abiatzeko. Egun batez kotxeak etxean utzi eta ohitura osasuntsuak sustatzeko baliatuko da eguna. www.txantxikuikastola.eus web gunean daude ordutegi eta ibilbide guztiak ikusgai.
Egubakoitzean IKASLEEN EGUNA izango da. Goizetik adin desberdinetako ikasleek beraientzat egokitutako egitaraua izango dute. Txikienek ikastolako patioan ekintza desberdinak burutzen dituzten bitartean, nagusienek ikasle eta irakasleen arteko jolasak eta bazkari herrikoia ospatuko dituzte azokan. Arratsaldeko 18:00etan Zubikoa frontoian jaialdi berezia eskainiko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek.
"BOROBILEAN" IKUSKIZUNA ZAPATUAN
Iaz bezala, zapatu goizean hiru gune desberdinetan egongo dira ekintzak. Goiz guztian zehar tailerrak, jolasak eta puzgarriak egongo dira ikastolako patioan, frontoian eta plazan. Eguerdiko 13:00etarakoordea, jaia ikastolako eremura mugatuko da. Bertan, ikasle, guraso eta langile guztientzako otamena eskainiko dute.
Arratsaldean, ohitura den bezala Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia izango da Zubikoa frontoian. Aurten ere bi emanaldi eskainiko dituzte pailazo ezagunek Oñatin, 16:30ean lehena eta 18:30ean bigarrena. Sarrerak aldez aurretik salgai daude ikastolako idazkaritzan eta Txokolateixian 8€-an.