Bretainiako Karaez-Plougêr herrian kokatuta dagoen Lisee Diwan eta Oñatiko Txantxiku Ikastolaren arteko elkartruke honek 45 ikasle elkartu ditu Oñatin. Diwan eskolek, Euskal Herriko Ikastolen pareko eredua jarraitzen dute, beraien kasuan bretoiera da hizkuntza nagusia hezkuntza ereduan.
Ikasle bretoiak ikasle oñatiarren etxeetan igaroko dute astea. Guztientzat esperientzia berria da hau eta hizkuntza desberdinak praktikatzeaz gain, euskal kultura ezagutzeko aukera izango dute bretoiek. Ekintza egitarau zabala prestatu dute horretarako Txantxiku Ikastola. Gaurko eguna Oñatin igaroko dute: Arrikrutzeko kobetara bisita egin ondoren, Arantzazura igoko dira eta arratsaldean Txokolateixiako interpretazio zentrora joango dira. Datozen egunetan, Bilbo eta Donostia bisitatuko dituzte.
Azken egunerako, anaitasun afaria izango dute Oñatiko elkarte batean. Ikasle, irakasle eta gurasoek elkarrekin afalduko dute eta ondoren, dantza eta jolas desberdinekin agur esango diote elkarri. Agurra ordea, laburra izango da, izan ere Aste Santuko oporretatik bueltan, oñatiarren txanda izango da. 23 txantxikuarrek osatutako espedizioa Bretainiara abiatuko da apirilaren 9tik 16ra bitartean.