Emakume Langilearen Nazioarteko egunari buruzko hausnarketak burutu dituzte astean zehar Lehen Hezkuntzako ikasleak. Horien ostean, etorkizuneko sexismorik gabeko ikastola nola ikusten duten adierazi dute ikasleek eta horretarako, mural ezberdinekin jantzi dute ikastola.
8 eta 10 urte bitarteko ikasleekin ordea, jarduera berezia burutu dugu ikastolako aretoan. Ikasle guztiek taldeka estereotipoen lanketa egin dute eta horretarako lanbideetan arreta jarri da. Ikasleekin ezagutzen dituzten lanbideei buruz galdetu zaie eta handitan zer izan nahi duten ere galdegin zaie. Beraien irudimenaren bitartez lanbide horiek guztiak nola irudikatzen dituzten ere galdetu zaie eta bukaeran lau ogibide zehatz marrazteko eskatu zaie: zirujaua, suhiltzailea, auto-lasterketetako gidaria eta polizia/ertzaina. Aurreikusten zen bazala,gehienek gizonezko irudia egin zuten lanbide hauek irudikatzeko.
Sorpresa ordea, hausnarketa saioaren amaieran iritsi da. Izan ere, lau ofizio hauetan jarduten duten lau emakume gonbidatu eta aretoan sartu dira, beraien laneko jantzi eta guzti.Ikasleak aho-zabalik geratu dira eta oso elkarrizketa interesgarria sortu da lau profesional eta ikasleen artean.