Urriaren 15ean, larunbatean, datorren urteko Kilometroak jaia antolatzeko ardura irudikatzen duen lekukoari ongi etorri beroa egin genion Oñatiko plazan. Goizean goizetik, Bergarako Aranzadi Ikastolako ordezkariak bizikletan San Prudentziora abiatu ziren. Bertan zain zituzten Txantxiku Ikastolako txirrindulari prestuak; adin eta generazio ezberdinetako ikasleekin osatutako taldetxoa. Ordurako, eguzkia ere festan parte hartzera animatu eta bere izpi goxoak erakusten hasia zen. Bergararrek oñatiarroi lekukoa pasa eta pedal-kolpeka 2017ko irailaren 24ra arte gordeta egongo den herriko bidea hartu zuen Antton Mendizabalek egindako egurrezko tailak. Txirrindulariak etorri bitartean, Oñatiko plaza ere girotzen hasi zen. 1989an ospatu zen Kilometroak jaia ondo gogoan dute askok eta askok. Eta orduko abesti eta irudiak ere ikusgai ziren plazan, nahi zuenak orduko txantxikuekin argazkia atera zezan. Eguerdi partean, txirrindulariak herrira iritsi orduko, jendea Kale Zaharrean eta plazan zain zegoen. Lekukoari harrera beroa eginez, txalo artean egin zituzten txirrindulariek azken metroak.
MILA ESKER larunbatean modu batera edo bestera parte hartu zenuten guztiei!!!!