Irailaren 11tik 17ra Kosice hiriko 30 ikasle etorriko dira Oñatira Txantxiku Ikastolako batxilergoko 1.mailako ikasleekin elkartrukea egiteko. 2004an martxan jarritako ekimena da hau eta bi urtez behin burutzen dugu gure ikastolan.
Elkartruke honen helburuak asko dira: europar herrialde berriak ezagutu, bertako kultura eta tradizioak ezagutu, beste ikasle eta familiekin lankidetzan aritu eta ingelesa komunikazio-hizkuntza bezala erabiltzea, besteak beste.
Oñatiar ikasleen etxeetan egingo dute egonaldia eslovakiarrek eta ekintzaz beteriko astea biziko dute. Aurtengoan, Gasteiz, Bilbo edo Donostiako hiriburuak ezagutzeaz gain, Urbiara igoko dira, herri kiroletan aritzeko aukera izango dute eta gure Ikastolako proiektu berriak ezagutuko dituzte. Oñatiko herria eta txoko esanguratsuenak ezagutzeko parada ere izango dute eslovakiarrek.
Azken egunean, agur afari berezia egingo dute ikasle guztiak elkarrekin eta datorren ekainerarte elkar agurtuko dute; izan ere, ekainean burutuko dugu elkartruke honen bigarren zatia eta ikasle oñatiarrak Eslovakiara joango dira lagunei bisita bueltatzera.