Pasa den ikasturtean ekin genion Txantxiku ikastolan ekimen hau antolatzeari. Udazken amaiera eta negu parteko giro hotzari umorez ekiteko, ikastetxe barruko zein kanpoko ekintza ugariz betetako hamabostaldia aurkeztu dugu beste behin.
Azaroaren 23an emango zaio hasiera eta abenduaren 3an amaituko da Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Bitarte horretan aipatzekoak ditugu azaroaren 27ko eta 28 egunak, horietan herritar guztiei zabaldutako ekimenek alaituko baitigute asteburua.
Azaroaren 27an Kulki taldearen eskutik haurrentzako Euskal Jolasak egingo dira Oñatiko plazan arratsaldeko 16:45tan. Eta jarraian, Txistua, gitarra klasikoa eta perkusioa uztartuko dituen kontzertua dibertigarria eskainiko dute Aitor, Urko eta Xanet Arozena anaiek (Arozenatarrak) Santa Ana antzokian 19:00tan.
Azaroaren 28an berriz, Fair Saturday ekimenarekin bat egingo dugu bai Arrasaten (Arizmendi Ikastolaren eskutik), baita Oñatin (Txantxiku Ikastolaren eskutik), izan ere, Txantxiku eta Arizmendi Ikastolak elkarlanean aritu dira, egun hau antolatzen. Arte eta Kulturaz blai mundu hobe baten alde lan egingo dugu egun horretan oinarri solidarioz betetako festa giroan. Eguerdiko 12:30etan HERRIXA KANTUAN saio berezia egingo dugu herriko (Oñatiko) kaleetan zehar; eta arratsaldeko 19:30etan Txantxiku Ikastolako ikasle bertsolariek, txistulariek eta abesbatzak hasiera emango dioten ekitaldi berezia eskainiko da, hau ere herriko plazan. Eguna borobiltzeko, erromeria izango da “Gaitzerdi” taldearen eskutik.
Herritar guztiei beraz, gure gonbitea zabaltzen dizuegu ekitaldi hauetan parte hartzeko. Gozatu udazkenaz eta kulturaz Txantxiku Ikastolarekin!