Domenkan ospatu zen Zangozako ikastolaren aldeko jaia. Giro paregabeaz gozatuz, jende ugari bertaratu zen Nafarroako Ikastolen aldeko aldarria egitera.
Geure ikastolatik ere gerturatu zen jendea: ikasle ohi, guraso, langile eta lagunak han genituen. Boluntario gisa lanera joanak ere ez ziren falta, baina guztiok familia eta lagunarteko giro apartean gozatu genuen eguna. Beste behin guztiok elkartzeko eta auzolanean aritzeko aukera paregabea izan genuen. Horrela bada, eskerrak eman nahi dizkiogu horietako bakoitzari, emandako babes eta laguntza dela eta.
Bestalde, jaiaren barnean, Zangozako Ikastola sortzen lagundu zutenak omendu zituzten. Horien artean, Juan Zelaia oñatiarra izan zen omendutako bat. Gerturatzerik izan ez zuelako, bere izenean Axun eta Beatriz Gereka ilobak – azken hau gure ikastolako irakaslea- han izan ziren une ezti hartaz gozatzen; zinez une goxo eta hunkigarriak bizi izan zituzten.