Zeinen patetikoa Espainiako "ezkerraren" ahotsa. Sinestezina bezain patetikoa! Bazen garaia pegatina patetiko horien inguruan norbaitek zer edo zer esateko.
Niri ez zitzaidaan Donostian Ozzy patetikoa iruditu, kristorena izan zuan niretzat. Oso imajina txarra eta patetikoa eman zuen Maccabiren kontrako partidan. Hileta batean feligresak irabaztea nahi dituen apaiza bezain patetikoa. Batzuentzat patetikoa eta beste askorentzat jeniala. Egia da beso bat bestea baino gorago jarrita, pailazoz jantzita, nahiko patetikoa zirudiela. Patetikoa da ikusten ari garen ikuskizuna. Hi majadero bat haiz, majadero patetiko bat! Ez hadi patetikoa izan! Honaino heldu da gure bizimodu patetikoa. Itxura patetikoa, benetan. Patetikoa da egoera. Pocas situaciones resultan más patéticas que la de un hombre agarrado al clavo ardiente del poder mientras patalea sobre el vacío.
Esango nuke goiko esaldi gehienetan patetiko hitzak esangura bera duela, jatorrizkotik aldentzen dena. Izan ere, eta Espainiako Akademiaren hiztegia kontuan hartzen badugu, horra dakarren definizio bakarra: 'Que es capaz de mover y agitar el ánimo infundiéndole afectos vehementes, y con particularidad dolor, tristeza o melancolía'.
Euskarazko Harluxet entziklopedia begiratu dut, eta espainolaren bidetik doa dakarren definizioa. Aldiz, ingelesezko Collins hiztegian, jatorrizko definizioaz gain ('errukia edo pena pizten duena'), bigarren bat ere badakar ('erabat desegokia').
Garbizaleek goiko esaldietan patetiko berbak duen adiera gaitzesten dute.
Baina aitortu beharra dago, zuzen edo oker, oso zabaldua dagoela erabilera hori. Ingelesak praktikoagoak dira. Ni haiekin nago. Eta zu, irakurle?