Eskoriatzan are garrantzitsuagoa da, 29an herriko jaiak ospatzen ditugulako. Udari bidea zabaltzen diogu, argitasun saioari eta lan egiten dutenendako atsedenaldiari. Eta hori guztiori kontuan izanda, etorkizun itxaropentsuari ateak irekitzen dizkiogula dirudi, alde positibotik begiratuta.
Baina egoera sozio-politikoak optimismorako tarte txikia uzten du; ezin ditugu nahastu Aliziaren ispiluaren alde erreala eta fikziozkoa. Albistearen iturriaren arabera, arazoak konpontzen ari direla ematen du; ispiluaren fikziozko aldera begiratzera eragiten gaitu horrek.
Bestalde, herri moduan, Euskal Herrian aurrerapausoak ematen gabiltza, bide onean uste dut, baina ahaztu barik bidea luzea eta gogorra izango dela. Adibide bat: egonkortasun sozial eta politikoa lortze aldera pausoak ematen gabiltza; hori ispiluaren alde erreala izango litzateke. Fikziotik begiratuta, dena konponduta egongo balitz bezala ikusiko genuke.
Horrek guztiorrek esan gura du askotan ez digutela uzten errealitatea ikusten. Arazoa da hori, gertu badugu ere ez garelako ohartzen; askotan inguruan mugitzen dena ikusi behar dugu, ispiluaren alde erreala izanda. Baina informazioa fikziozko aldetik iristen da, postulatu handietan fijatzen gara eta ez gara arduratzen autokritika lana egiteaz. Ez dugu pentsatu behar besteek konponduko dizkigutela arazoak, dena alde errealetik ikusten jarraitu behar dugu.