Baina badira une batzuk inurri-bide hori astindu eta jauzi bat egiteko beharra sentitzen dugunak. Eta une horietan ageri da zaldikoa: ez zaldia soilik, baizik eta mugimendua, abiada eta kolore bizia dakarren izakia, jarrera zaharrak astintzera datorrena. Euskaraldia da horietako bat: 11 egunez, inertziei kolpe txiki bat emateko gonbidapena, euskara erabiltzeko ohiturak birpentsatzeko eta elkarrekin jauzi egiteko ariketa soziala.
Ez litzateke zaldikorik izango inurririk gabe. Ez lukete inurriek eutsiko ezer zaldikoaren astindu inspiratzailerik gabe. Euskararen biziberritzeak biak behar ditu: eguneroko lan jarraitua eta une jakinetan piztutako bulkada kolektiboa. Inurrien bidea eta zaldikoaren jauzia elkarrekin doaz.
Taupa euskaltzaleen mugimenduaren iparretako bat da 365 egunez euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea eta aldarrikatzea. Hori lortzeko hamaika proposamen luzatzen ditugu egunerokotasunean euskaltzaleak saretzeko eta erabilera espazioak irabazteko. Euskararen aldeko neurriak, babesak eta hizkuntza politika eraginkorrak gara daitezen ere lan egiten dugu, euskalgintzako beste eragileekin batera. Hamarkadak daramatzagu egunerokotasunean euskararen erabilera erdian jartzeko eta euskaltzaletasuna sustatzeko kontzientziazioa lantzen eta proposamenak luzatzen, adorez eta atseginez.
Eguneroko lanarekin eta ekimenekin batera, egoeraren gainean kontzientzia astintzeko eta ikusgarritasuna emateko ekimen erraldoiak ere behar ditugu: korrika, manifestazioak, festak... eta Euskaraldia. Horien bitartez iristen da euskararen gaia jendartera oro har. Horiek gabe gure oskola hautsi eta hortik ateratzea zailagoa dugu.
Urteren batean aterako dira hobekixeago edo eskasago baina horiek denak eta antzeko ekimen berri gehiago behar dugula ikusten dugu, are Siadekok euskararen etorkizuneko egoeraz landutako proiekzioaren azken txostena irakurrita.
Astinaldi bakoitzak badu bere jomuga eta horretan ordezkaezinak dira gaur. Euskaraldiaren jomuga argia da, hizkuntza ohiturak eta euskararen erabilera. Bi hilabete pasa dira Euskaraldia bukatu zenetik, han hemen balorazio bilerak egiten ari gara, ikerketak udazkenean ekarriko dituen azken irakurketaren zain, apunte batzuk ekarri nahi ditugu idatzi honetara:
Euskaraldiak deserosotasuna sortzen du jendartean oro har, balizko partaideengan, entitateetan, erakundeetan eta euskalgintzan ere bai: inertziak astindu, betiko lekutik mugitu, ez-ohiko elkarlanei bide eman, norberaren mugak aitortu eta erantzukizunak hartu. Deserosotasunak kontzientzian eragiten du.
Aurtengoan Euskaraldiak ikusgarritasun handia lortu du berriro, nahi gabe ere, herritar guztiek jaso dute horren berri. Komunikazio kanal anitzak erabili dira eta aldeko eta kontrako jarrerak eragin ditu. Alta, erabileraren garrantziaz ohartaraztean horren inguruko gogoeta erdigunera ekartzea lortu da.
Mugimendua eragin du, 450 herri baino gehiagok eman dute izena, inoiz baino herri gehiagotan sortu dira Euskaraldia batzordeak, jende berria batu da, ilusio eta umore handiz egin dute lana eta euskaltzale egiturak ez dauden herri eta eskualdeetan herritarrak saretzeko aukera berriak sortu dira. Egiturak dauden herrietan berriz, gogoetak eragin ditu. Euskaraldia batzordeetan euskara izan da harreman hizkuntza, Tolosan eta Lodosan, eta hori garrantzitsua da. Erabileran eragiten baita antolaketa prozesu eta eragile guztiengana.
Zenbakien gaia ez dugu saihestu nahi. Asko begiratzen zaie, eta inportantzia du noski, parte hartu dutenen erdiarekin ere kontent egon gintezke. Izan ere, Euskal Herrian historikotzat jotzen diren edozein mobilizazio masiboaren parametrotik goitik ibili baita aurtengoaren parte hartzea berriro.
Euskaraldiak zer hobetuak baditu, jakina: izen emate prozesua ez ei da erraza, txapen erabilera gorabeheratsua izan omen da, txapa gehiago eskura jartzeko eskatu zaigu, udaberrira ekartzea ona izan da, baina oporraldiko etenak kalte egin digu, Belarripest gehiago behar dira eta ez ditugu lortu... Horien guztien inguruko gogoetak jasotzen ari gara eta ebaluaketa zorrotza egingo dugu.
Horrekin guztiarekin ikasi eta edizio berri indartsuago baten irudikapenari ekingo diogu udazkenean. Zaldikoaren galopa berria heldu bitartean, iñurri lana dagokigu orain.