Espainiako Auzitegi Gorenak EAEn euskararen aldeko udal politikak indargabetzea erabaki du, Vox-ek aurkeztutako helegitea onartuz. Hizkuntza baten aldeko neurriak hartzea koofizialtasuna urratzea liratekeela ebatzi du, besteak beste. Epaiak udal mailako ekimenak mugatu nahi ditu, tokiko erakundeen esku-hartze legitimoa auzitan jarriz.
Erabaki hau ez da auzi tekniko bat: hizkuntza politika epaitegietatik egiten ari dira, euskararen biziberritze prozesua oztopatzeko estrategia baten baitan. Onartezina. Hizkuntza berdintasunaren alde egiteko, justiziazkoa da egoera zaurgarrian dagoen hizkuntzarekiko ekitatez jokatzea. Euskara lehenesteko neurriak ez dira pribilegioa, hizkuntza gutxitu baten biziraupena bermatzeko beharrezkoa den bidea baizik. Epai hauetan ebatzitakoa Europako hizkuntza gutxituen gutunean jasotako gomendioen aurka doa. Aniztasuna zaindu nahi duela dioen estatu bateko justizia sistemak ezin du ahaztu, aniztasuna preseski, hizkuntza gutxiagotuak babestetik bermatu daitekeela bakarrik.
Taupan ez gaude ados erabaki honekin, eta gure agintariei eskatzen diegu, ahal bait arinen neurri politiko eta legalak har ditzaten. Epe motzean, herriz herri antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen zaituztegu bazkideok eta euskaltzale guztiak. Orain da unea elkartzeko, erantzuteko eta agerian uzteko ez gaudela atzera egiteko prest.
Euskararen aurkako erasoen aurrean, erresistentziarik eraginkorrena euskaraz bizitzea dela sinetsita, antolatu gaitezen herrietan eta gaur, inoiz baino gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan bizi gaitezen euskaraz!
Euskarak mugimendua behar du.
Eta gu mugitzera goaz.