Patrick Dallennes-ek, Hendaiako ikastola laguntzeko Herriko etxeak hartutako erabakiaren kontra egin zuen eta baita Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana salatu. Urkixok aldiz, UEMAn dauden 15 udalen aurkako helegiteak jarri ditu Estatu espainiarreko gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzeagatik.
Kasu hauek, euskaldunak askeak ez garela agerian uzten dute. Ez digute uzten euskaldunok nahi dugun, behar dugun eta erabakitzen dugun ekintza politika egiten. Bizi nahia gauzatzeko urratsak ematen diren bakoitzean esku-hartzea jasaten dugu etengabe. Euskarari, balio guztia kentzeko prest daude baina zorionez, instituzio batzuk oztopoei aurre egin eta euskaraz bizitzeko determinazioa erakutsi dute. Helegiteak jaso dituzten udaletako arduradunek beraien jarrera argi azaldu dute eta hartutako erabakia irmotasunez defendatu dute.
Beraz, txalotzea eta babestea dagokigu orain, alboan izango gaituztela erakustea. Horretarako, otsailaren 28an Donostian egingo den manifestaziora joatera animatzen zaituztet.
Euskaraz biziko gara!