Euren sustraiak ondo errotuak zeuden eta fruitu zaporetsu, mila koloretako usain eta nutriziorako propietate paregabeak zituzten. Herriak Lurraren Zaindariak ere bazituen, baina, bat-batean, lurra zaintzeari utzi zioten eta landarearentzat bakarrik izan zituzten begiak. Landareak sendo bazetozen, arbolek fruituak ematen bazituzten, pozik!
Baina jarrera horrek gaixotasuna agerraraztea eragin zuen. Hau ekiditeko tratamendu tradizionalak eta berritzaileak erabili zituzten, batzuk naturalak eta besteak ez horrenbeste... Eta ahaztu zitzaizkien lurraren ezaugarriak, haren beharrak...
Maisu baten hitzak: "Landareak pertsonak bezalakoak dira, sustraien indarra ezinbestekoa da landareen garapen osasuntsurako eta gaixotasunak lurrean zerbait desorekan dagoenaren mezua ematen digu, eskertzekoa da gaixotasunaren intentzioa".
Esaldi horiek gaixotasuna aukera bezala ikusten dugunoi eskainiak dira. Bereziki, Araba, Errioxa eta Gorbeialdeko sorginei, medizinak hartzearekin soilik konformatzen ez garenoi, pertsonon Lurraren Zaindariak garenoi, sustraiak errotuta ditugunoi. Eta, nola ez, barazki eta fruituak ekoizteaz gain, lurra zaintzen ahalegintzen garenoi.