Dispertsioa eta gaixo larrien harritzarrak edo oztopoak trabatik kendu nahi ditugu lehenbizi. Bilbon eta Baionan egun eta ordu berean, bi estatuei inmobilismotik irteteko eskatuko diegu. Horretarako guztion aktibazioa izango da beharrezkoa, ideia eta ibilbide ezberdinak ditugun pertsonak bat egitea ezinbestekoa dela uste dugu, honela lortuko dugu harriak mugitzea. “Giza eskubideak, konponbidea, bakea” leloak euskal jendartearen gehiengoaren onarpena izan du azken urteotan eta lelo honekin gure asmoak berresten ditugu. Gure ustez jendarte plural baten aktibazioarekin posible izango da harri txiki nahiz handiak mugitzea, hala nola, dispertsioarekin bukatzea eta gaixo larriak etxeratzea, ikasteko eskubidea, aitatasun eta amatasun eskubideak, isolamenduarekin bukatzea... eta amaitzeko, lehenbailehen eman beharko litzatekeen, gatazkaren konponbidearen prozesuaren baitan, euskal preso, iheslari eta deportaturik ez existitzea da gure helburua. Munduan konpondu izan diren gatazkak bezala, gure herrian ere bakea posible delako. Beraz, Oñatiar guztiak Bilbora joan daitezen gonbidatzen ditugu, animo eta harriak mugitzera!!!
Ekimenak:
-Abenduak 10 (giza eskubideen nazioarteko eguna): Agerraldi bat egingo dugu 19:30etan Oñatiko udaletxean, bertan, sarekide batzuk argazki bat egin eta ondorengo bi deialdiak egingo ditugu.
-Abenduak 26, 13:00ean mobilizazioa: Oñatiko Plazan Harria mugituko dugu!!! Guztion indarra beharko dugu harritzarra mugitzeko eta ahal bezain beste Oñatiar elkartu nahi ditugu. Musika eta giro ederra ez da faltako!
-Urtarrilak 9 Bilbon manifestazioa 17:00etan. Autobusak jarriko ditugu eta laster komunikatuko zaizue txartela noiz eta non erosi ahal izango duzuen. Oso garrantzitsua da Bilbo eta Baionako kaleak betetzea eta ea gure bizilagunak, tabernariak, nagusiak, lankideak, lagunak, taldekideak… guztiak saretu eta Bilbora joateko animatzen ditugun! Izan zaitezte sarekide!!!
Oñatiko SARE bizi eta anitza