Sarea zabaldu

Erabiltzailearen aurpegia Sare Oñati 2015ko api. 16a, 23:45

Apirilaren 18an, Oñatiko plazan izango da eguerdiko 12:00etan. "SAREA OSATUZ, ALBERTO ETXERA" izango da lelo nagusia. Honetaz gain, "Dispertsioa amaitu" edo "Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea" leloak ere erabiliko ditugu.

 Ekimenaren funtsa, munduari dispertsioaren krudelkeria azaltzen jarraitzeko, aurrera pauso bat ematea da. "Dispertsioaren liburuxka"-n sakabanaketaren alde soziologikoa, juridikoa eta humanoa jasotzen dira Jule Goikoetxea Mentxaka, Igor Elortza Aranoa eta Iñaki Lasagabaster Herrarteren testuen eskutik. Bolondresei esker, gero eta hizkuntza gehiagotara itzultzen ari den liburuxka honen 500.000 ale mundu zabalean konpartitzeko konpromisoa hartu du Sarek.

 

Oñatiar Sarekideok ere, gure aletxoa jartzeko, "Dispertsioaren liburuxka"-ren irakurketa herrikoia antolatuko dugu, musika, bertso nahiz olerkiekin osatuko dugu irakurketa. Bestalde, Adierazpen libreko gune bat egongo da herritarrek beraien mezuak, iradokizunak, marrazkiak... txertatu ditzaten. Oraindik egin ez dutenentzat, sarekide egiteko aukera egongo da "Sarekide fitxak" betez. Eta nola ez, "Dispertsioaren liburuxka" munduan zehar banatzen lagundu nahi duenak eskatu dezala, bizilagunari, atzerriko lagunari, ikaskideari, lankideari... guztion artean lortuko dugu!

 

Dispertsioarekin amaitzea helburu nagusia duen mugimendu herritarra saretzen eta ehuntzen doala erakutsi nahi dugu. Geroz eta herritar gehiago gara sakabanaketaren aurka gaudenak, preso gaixoen etxeratzea aldarrikatzen dugunak, Alberto Plazaola herrikideari egin bezala, zigorren luzamenduaren aurka gaudenak, edo beste modu batean esanda, giza eskubide guztien alde gaudenak. Adostasunetatik abiatuta, eta izaera plurala, anitza eta partehartzailearekin, sarea gero eta zabalagoa izango delakoan gaude. Urtarrilean Bilbon "argi" erakutsi genion munduari herri honen giza eskubideekiko konpromisoa bertako kaleak argituz. Hurrengo egunean hasi zuten kriminalizazio kanpainari erantzuteko ere balioko du apirilaren 18koak, inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu sarea garela, ezberdinez osaturiko sarea, sare zabala, bizia... Animatu zaitezte eta plazan elkar ikusiko dugu!!!

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak