Hala, merkatuek eta kapitalak sortutako krisiaren eragina langileok ordaindu beharko dugu. Ez dira errege etxearen edo ejertzitoaren gastuekin sartu, ezta banketxeekin ere. Laguntzak eman zizkieten denon dirutik eta orain irabazi handiak dituztenean, hor konpon!
Pentsioei edo gizarte gastuei aurre egiteko badago bestelako neurriak hartzerik; iruzur fiskalari aurre egin, irabazi handiei eta enpresei zergak igo... ETqB, Osakidetza eta Ertzaintza moduan pentsioak ere zergetatik jasotako diruarekin ordaindu daitezke.
Madrilen azkenaldian hartu diren neurriak –lan erreforma, hitzarmen kolektibo estatalak, pentsioen erreforma– euskaldunontzako zama astuna bihurtzen ari dira, herri moduan gure etorkizuna baldintzatuko dutenak. Egoera honen aurrean, Euskal Herriak beharra dauka lehenbailehen bere buruaren jabe izateko; gure ekonomia eta baliabideak pertsonen onurari begira antolatzeko eta ez kapital finantzarioen mesedetan egiten diren politiken menpe egoteko.
Hemen ere gizartearen gehiengoa langileak gara. Nola liteke gehiengo politikoa gure aurkako neurriak hartzen dituzten agintarien eskuetan egotea? Langileok noiz jabetuko gara elkartuta dugun indarraz? Ezin dugu gure babesa gure aurkako legeak onartzen dituzten alderdiei edo sindikatuei ematen jarraitu.
Bada garaia herritar xumeok osatzen dugun gehiengo soziala, gehiengo politiko bihurtzeko. Eraiki dezagun euskal ezkertiarron indar metaketaz gizarte eredu honen alternatiba.