Bai, jasotzea. Batzuetan, lurretik jasotzea. Inkomunikazioak irauten zuen egun, ordu eta minutuak zain pasatzen genituen gurera etor zitekeen kidearen zain. Ez da batere erraza tortura jasaten ari den kidea itxarotea. Edozein izanik ere kalabozo horietako zaindarien jantzien kolorea, jakin bagenekien apurtutako pertsona baten zain geundela. Ez zen izango etxetik irten zen pertsona bera eta, ziurrenik, ez zen sekula gehiago izango.
Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, kartzelara iritsi berri den kidea artatzea. Oraindik adrenalina odoletik ezin kanporatu eta bere gorputzetik at zirudiena, infernua pasa ostean espetxea babesleku modura ikusi zuena, emozionalki blokeatua zegoena, beldurrak jota dardarka zetorrena, barrena husteko premia bizia zuena, hitzik egin gabe egunak eman zituena, jasatako mehatxuen ondorioz etxekoak bizirik zeuden jakin nahi zuena edo komisaldegiko egunez gain beste hainbat egun isolatuta jarraitu zuena, ubelduren ebidentziak inork ikus ez zitzan.
Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, gure kide iritsi berrien testigantza latzak entzutea, zaintzea eta goxatzea. Isiltasunean, inpotentziaz, haserre, triste, minez. Ahizpatasunetik, apurtuta zegoen pertsona hura osatzen saiatzea.
Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, urteak pasata ere, egun haiek utzitako arrastoa ikusi behar izatea. Gure kide, lagun eta ahizpen gorputzeko min sendaezinekin topo egitea, kulpak, beldurrak, zauri emozionalak eta lo egiteko arazoak bizirik dirautela ikustea.
Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, bizi izan dugun hori, ikusi dugun hori, batzuek nola ukatzen duten ikustea, entzutea, irakurtzea. Torturatzaileak eta agintariak goraipatuak nola diren ikustea. Nazioarteko ebazpenei muzin nola egiten dieten jakitea.
Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, otsailaren 13an Torturaren Aurkako Eguna ospatu behar izatea estali nahi den basakeria salatzeko, bistaratzeko eta ezagutarazteko; oraindik ere torturatzaile eta torturaren agintari koldarrek egindakoa aitortu ez dutelako, erreparatu ez dutelako; gure Herriak memoria zati gordin hau ere ezagutu beharko lukeelako.
----------
Saioa Altzua Galparsoro eta Amaia Arrieta Gonzalez
Euskal preso politiko ohiak
Arrasate