PSE-EEren postura argi adierazi du Eneko Andueza idazkari nagusiak: Euskal Enplegu Publikoaren Legea oso egokia omen da, eta, hizkuntza-eskubideen eta lan-eskubideen artean, beti lan-eskubideen alde egongo omen dira.
Ez al dira biak beharrezko? Baina laneko eskubidea lortzeko etorkinak ez al dira gaztelania ikastera behartzen? Beste aukerarik ez dute baldintza egokietan lan egin eta bizimodua duintasunez aurrera ateratzeko. Aldi berean, euskara ikastea zaildu egiten zaie, eta gizartean barneratzea eragotzi.
Non dago hizkuntza-eskubideen aurreko lan-eskubideen defentsa hori gaztelania ez dakitenentzako?
Posible da batzuek iriztea gaztelania jakitea "naturala" dela eta, horrenbestez, euskaraz jakin beharrik ez dela uste izatea. Berdin dio ondorioz gaztelania nagusikeriaz erabiltzea ahalbidetzen bada, euskaldunak baztertzen badira eta lankide eta herritar askori errespeturik gabeko tratua ematen bazaie.
Ez al ziren zerbitzu publikoak definizioz herritar guztiontzako?
Egoera horretan gustura daude batzuk, eta baliteke alternatibarik ez dagoela sinetsarazi nahi izatea, baina ez da egia. Josu Alberok eta Elena Berazadik Berria-n diotenez, Kataluniako eta Galiziako epaileek ez omen dute katalanaren eta galizieraren aurkako ebazpenik eman langile publikoen bertako hizkuntza-eskakizunei dagokienez.
Non ote misterioa?
Baliteke hemengo legeekin alderatuz hangoak oso argiak direlako izatea. Bai Galizian eta bai Katalunian administrazio publikoan lan egiteko galiziera edo katalana ezagutzea ezinbestekoa dela dio legeak.
Hain zaila ote da behar den moduko legea asmatzea? Edo kopiatzea.
Egin dezagun guztiok elkarbizitza garatzeko modua, edo bazterketaren alde ote gaude?