Lantokietan euskaraz

Azpeitiko Udaleko Euskara teknikari Patxi Saez Belokik 2015ean idatzitako Elefantea ikusi artikuluko lan munduaren azterketak ondorio argia zuen: euskararen laneko hizkuntza erabilera hutsaren hurrengoa zen, eta ez dirudi geroztik asko aldatu denik.

Nola gertatu da hori? Nahiko ezkutua den datu deigarri bat dokumentatu, eta 56ko belaunaldia, Jakin taldea eta Joxe Azurmendi UPV/EHUko Uda Ikastaroan zabaldu zuen Haritz Garmendia Iturria doktoregaiak: 1866an, Gipuzkoako biztanleen %96,42 euskaldunak ziren, gehienak elebakarrak, eta gaur egun, %100 erdaldunak dira, asko euskaraz ez dakitenak.

Aspaldi agintean daraman espainiar kapitalisten kolonizazioak euskal nortasuna debekatuz, zigortuz eta espainiartasuna indarrez txertatuz, ia guztiz jan digu burmuina eta guztiz irauli du egoera. Euskal kultur ondarea birrintzeaz gain, belaunaldi arteko transmisioa moteldu, jendartea euskal kulturaz desjabetu eta komunitatea etengabe ahultzen du. Bidegabekeria horrek justizia eskatzen du garrasika, egindako kaltea konpondu eta euskara eta euskal kultura berrahalduntzea.

Berreuskalduntzea zabaltzen ari den arren, gazteek euskaraz eskolatu ondoren erdal harresi bat aurkitzen dute lan mundura heltzean. Euskaraz lan egitea elkarbizitzarako eskubidea da, eta lantokien betebeharra eskubide hori bermatzea.

Ameskeria dela? Hala zen euskaraz eskolatzea ere, baina ikastolen mugimenduak ameskeria amets bihurtu, bidea ireki eta hezkuntza osora hedatzea lortu du, nahiz eta aurretik bide luzea dagoen oraindik ere. Bizitzaren beste arloak ahaztu gabe, lan mundua euskalduntzea da hurrengoa.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun planekin egin bezala, Hego Euskal Herrian EAEko eta Nafarroako agintariei dagokie aldaketa ezartzeko inbertsioei laguntzak eskaini eta enpresetan euskaraz lan egin ahal izateko araudia ezartzea.

Gorpuztu dezagun amets hori ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak