Gu ere kolonizatzaile ote?

Aurreko astean, Emakume Txokoak antolatuta, Petare Miren Egigurenen puskak liburuaren aurkezpena egin zen Arrasaten.

1947an Bidanian jaio eta 49 urtez –horietatik 46 Petare auzoan– Venezuelan kooperante egin dituen haren bizitzaren pasarteak dakartza Leire Ibarguenen liburuak.

Ekimen itzeleko eta gauza gutxirekin proiektu handiak aurrera atera dituen emakume aparta. Berehala ohartu omen zen auzoetako bizimodua hobetzeko modu bakarra bertakoei entzun, antolatu eta elkarlanean ekitea zela; horrela, bideak asfaltatu, etxeetara ura eraman, haurtzaindegi eta eskola sortu… zituzten. Horretaz gain, emakume talde bat antolatu eta hainbat iniziatiba martxan jarri zituzten: okindegia, elikagai kooperatiba, joskintza tailerra, medikuntza alternatiboa, alfabetatze ikastaroak…

Aurkezpenean, euskaldunek Venezuelan eta halako herri kolonizatuetan izan duten –eta oraindik duten– papera ere aipatu zen. Kontraesan bat agertu zen orduan: eskolan euskaraz egiteagatik gaztelania inposatzeko zigortua izan zen, eta, ondoren, Venezuelan, Misioaren barnean, gaztelaniaz idazten eta irakurtzen irakatsi zien espainieraz tutik ere ez zekiten hango umeei. Kolonizatzaileen hizkuntza ezartzen lagunduz.

Euskaldunak kolonizatzaileak ote diren galderaren aurrean, umetako eskolako azalpena datorkit burura: Espainiak Amerika ebanjelizatu zuela basatiak zibilizatuz. Euskaldunak ere baziren tartean, euren nagusien interesen defentsan: Gaztelako koroa, ontzien jabeak, eliza katolikoa... Noski, konkistatzailearen kontakizuna da hori; geroztik, gerra eta errepresio bidezko menperatzea izan zela ikasi dugu, Euskal Herrian moduan.

Ordukoa ez da gure errua, baina bai gertakari haiei orain ematen diegun tratamendua: kontesturik gabe ohoratuz, plaza eta kaleei militar izenak emanez, esploratzaile, humanista edo enpresari gisa tratatuz. Arrasaten ere badira Elkano kalea, Okendo kalea eta Garro Jenerala kalea...

Justiziaz eta berdintasunez jokatu nahi badugu, ikuspegi kritikoa landu beharra daukagu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak