Tailerrean metalezko pieza batzuk zulatzen ari zela, makinak eskua harrapatu eta hatz bat zauritu zuen. Nagusiari parte ematean, hark urgentzia zerbitzuan etxean zauritu zela azaltzea iradoki zion. Ezezkoa erantzutean, horren ordez kaxa batzuk mugitzen ari zela zauritu zela esatea proposatu zion. Hau ere ez zuen onartu eta urgentzietan egia esan zuen.
Istripuaren zergatiak aztertzean, makina aurretik matxuratuta zegoela jakin zuen lagun honek; zuloa egindakoan broka gelditu eta baztertu egin beharko zukeen makinak, baina broka ez zen gelditzen. Nagusiak aurretik ba omen zekien.
Gertakari honek bi gogoeta dakarzkit burura: batetik, lan baldintzen maila eskasa, segurtasun baldintzak bermatu gabe eta langilea arriskuan jarriz; eta, bestetik, istripuaren ondorengo leialtasunik eza, gertakariaren ardura saihesteko ahaleginez eskuak garbitu eta ondorioak ekidin nahian.
Honen ondorioz, gehiengo sindikalak egindako 2021eko Hego Euskal Herriko lan-istripuei buruzko txostena begiratu dut. Nahiz eta COVIDaren ondorioz aktibitatea murriztu, gora egin zuten lan istripuek 2020tik 2021era. Datu ofizialen arabera, %10,2ko igoera EAEn eta %16,7koa Nafarroan. Bestalde, datu ofizialen arabera, 38 hildako izan ziren 2020an eta 48 hildako 2021ean, baina sindikatuek egiaztatu dute 70 izan zirela 2020an eta 68 iazko urtean.
Harrigarria da jakitea 2021ean EAEn 205 istripu izan zirela eguneko eta Nafarroan 30; hauetako erdietan langileen baja eraginez. Halere, bigarren datu hau ez da guztiz egia, aipatutako gertakarian moduan, enpresek eta mutualitateek hauetako kasu asko ohiko gaixotasun moduan kalifikatzen baitituzte, lanaren ondoriozko istripuak ez balira moduan.
Enpresei dagokie osasuntsu lan egiteko baldintzak bermatzea eta istripu kasuan euren ardurak onartu eta neurriak hartzea, langileen lana eta garapena denen onurarako burutuko bada.