Laneko hizkuntza bazterketa

50 langiletik gorako enpresek emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasun planak onartuta edukitzeko garaia heldu dela azaldu da komunikabideetan. 572 dira Gipuzkoan hau eginda beharko luketen enpresak, baina 60k bakarrik erregistratu dute plana.

Komunikabideetan plan hauek langileen ordezkarien onarpena beharrezko dutela diote, baina, aldi berean, azken urteotan egindako aurrerapausoak horrelako planei baino gehiago, mobilizazioei esker lortu direla agertzen da analisietan.

Nahiz eta oraindik zeregin handia izan aurretik, mugimendu feministak lantegietan genero arteko diskriminazioari aurre egiteko berdintasun planak martxan jartzea lortu du.

Horrelakorik ez dago hizkuntza kontuetan.

Ez da onargarria hizkuntza alorreko bazterketari aurre egiteko planak enpresa mailan negoziatzeko proposamenari Eusko Legebiltzarrak uko egitea. 50 langiletik gorako enpresetan, langile ordezkariek edo enpresariak eskatuta euskara planaren negoziazioa Lanbide Arteko Akordioaren bitartez arautzea proposatu dute ELAk, LABek eta Kontseiluak. Baina proposamenak jasotako ezezkoa ez dator bat Legebiltzar baten egitekoarekin edo patronalak enpresa ereduei buruz egiten dituen adierazpenekin, justiziaz euskaldunoi ere berdintasun maila bat zor baitzaigu.

Nabarmena da hezkuntza sistemak euskaraz gaitutako gazteek guztiz erdalduna den lan munduarekin egiten dutela topo. Beste alor batean mugimendu feministak lortutakoak euskaldunen – euskal hiztunak– bazterketa honi aurre egiteko bide bat erakusten du.

Mugimendu feministaren bidea jarraituz, mobilizazio zabal bat beharrezkoa da lan mundua euskaraz izatea lortuko bada. Arrasaten bide honetan pausoak eman daitezke AEDk martxan jarritako ekimen berriarekin harremanetan jarriz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak