1512-07-21ean, Nafarroako Erresuma inbaditu zuen Gaztelak, 12.000 soldadutik gora eta artilleria kopuru abantaila handiarekin. Erasoari aurre egiteko ahaleginak alferrikakoak izan ziren, inbaditzaileak uztailaren 25ean sartu ziren Iruñera. Erresuma berreskuratzeko ondoren izandako kontraerasoek ez zuten fruiturik eman.
1521-06-30eko Noaingo guduak Erresuma berreskuratzeko aukerak agortu zituen. Gaztelarrek soldaduz hirukoizten zuten nafar armadak 5.000 hildako inguru jasan zituen.
Konkista haren ondoren, Gaztelako erregeak Nafarroako erregetza eman zion bere buruari, horretarako Foruak betetzea zin egin ondoren, eta erregeorde bat ezarri zuen. Fernando Katolikoa erregeak eginahalak egin zituen konkistaren zilegitasuna lortu eta justua zela agertzeko, eta, horretarako, Julio II.a aita santuarekin tratua egin zuen. Hark bulda bat egin zuen esanez Nafarroako errege-erreginak protestanteak zirela eta haiei laguntzen ziena eskumikatuko zuela.
Egoerak antzera iraun zuen Nafarroako Erresuma deuseztatu eta Nafarroa Garaia Espainiako probintzia soil bihurtu zuten arte, I. Karlistaldia galtzean, 1941ean. Prozesu hartan, erregeordea, gorteak eta gaitasun legegile eta judizialak kendu zizkieten, aduanak Ebrotik Pirinioetara eta kostara mugitu zituzten eta moneta propioa jaulkitzeari utzi zitzaion. 1876an, III. Karlistaldiaren ondoren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak ere deuseztatu egin zituzten.
Eskubide gabe, zuzenbidearen aurkako konkista izan zen. Galdera da ea zergatik jarraitzen duen gaur egun herritarrok onartu gabeko eta indarkerian oinarritutako menpeko egoera horrek.